Krisi Ekonomikoa -
Korralitoa
Elkartasun fondo bat sortzea onartu du Zipreko Parlamentuak
Gainera, finantzen transakzioak kontrolatzeko lege bat onartu du Nikosiako Parlamentuak. Eurotaldea igandean bilduko da Zipreren erreskatea ixteko.
Erredakzioa
Elkartasun Fondo Nazionala sortzea eta finantzen transakzioak kontrolatzeko lege bat onartzea aho batez erabaki du gaur Zipreko Parlamentuak. 'B egitasmoa'ren ardatz nagusiak dira. Eurotaldeak planteatutako erreskate planaren aurrean neurri alternatiboak behar ditu Ziprek.
Bozketa baino lehen ez da eztabaidarik izan. 'B plana'k bederatzi lege zirriborro eta hainbat zuzenketa ditu, baina aurrezkien gaineko zergarik ez du oraindik barneratu.
Egitasmoaren helburua 5.800 milioi euro biltzea da. 10.000 milioi euroko erreskatearen truke troikak diru hori biltzea eskatu dio Zipreko Gobernuari.
Besteak beste, Elkartasun Fondo Nazionala sortzea, kapitalen mugimenduak kontrolatzea eta finantza entitateak indartzea helburu ditu planak.
Bankuak zabaltzen diren unean gordailuak Zipretik ihes egitea saihestu nahi du egitasmoak, eta horretarako kapitalen mugimeduak kontrolatu behar ditu. Bankuek asteartean ireki behar dituzte ateak berriro.
Pentsioen fondoen eta langile publikoen aseguru medikoen zati bat Elkartasun Fondo Nazionalera bideratuko dute. Herritarrek eta enpresa pribatuek ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Euroguneko Ekonomia ministroek ezohiko bilera egingo dute igandean, Zipreko erreskatea astelehena baino lehen ixteko, uharteko ekonomiaren eta bankuen porrota saihesteko eta krisia EBra hedatzea eragozteko.