Krisi Ekonomikoa -
Negoziazioa amaitu da
Erreskatea itzultzeko 22 urte izango ditu Ziprek
Zipreko Ekonomia ministroak bere kargua utzi du ikerketa batzordearen lana ez oztopatzeko. Batzordeak finantza krisiaren erantzukizunak argitu behar ditu.
Erredakzioa
Erreskateko 10.000 milioi euroak itzultzeko epea adostu dute Zipreko Gobernuak eta troikak. % 2,5eko interes-tasarekin 22 urte izango ditu Ziprek erreskatea bueltatzeko, Jristos Stylianidis Zipreko Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez. Uharteak laguntzaren aurreneko tartea maiatzean jasoko du.
Honenbestez, Zipreko Exekutiboaren eta troikaren (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) arteko negoziazioa bukatu da. 10.000 milioi euroko finantza erreskatea jasotzeko baldintzak adostu dituzte aldeek.
"Finantza erreskatea jasotzeko baldintzen inguruan akordioa gaur lortu dugu. Pauso garrantzitsua da, eta zalantzen boladari amaiera eman diogu", azaldu du Jristos Stylianidis Gobernuko bozeramaileak.
Amortizazio epea eta interesa finkatzeaz gain, akordioak zerga kontuak ateratzeko programa bat ezarri du. Horrela, zerga konpromisoak betetzeko 2018ra arte izango du Ziprek, hasieran aurreikusitakoa baino bi urte gehiago.
Bi urteko luzapenarekin aldaketa errazagoa izango da eta neurri berriak datozen bost urteetan ezarriko dira. Presioa arinduko dute, Stylianidisen hitzetan.
Akordioaren arabera, enpresa publikoak eta erdi publikoak pribatizatzeko prozesua bi urtez luzatuko da, 2018ra arte.
Sarrisen dimisioa
Bestalde, Mijalis Sarris Zipreko Ekonomia ministroak kargua utzi du gaur, ikerketa batzordearen lana ez oztopatzeko, Gobenruko Presidentetzak jakinarazi duenez. Batzordeak finantza krisiaren erantzukizunak argitu behar ditu.
Ministro izan baino lehen Sarris Laki Bankuko zuzendaritzaren kide izan zen eta ikerketaren jomuga da. Sarrisen ahotan, erabakia "batzordearen lanak errazteko hartu dut".