Krisi Ekonomikoa -
Aurreikuspenak
Adegi: 'Hazkunderako zantzurik ez dugu ikusten, atzeraldia baizik'
Datozen hilabeteei eta urteei begira, “enplegu, finantza eta energia kostuak murriztearen eta produktu lehiakorragoak ekoiztearen alde” agertu da.
Erredakzioa
EAEko ekonomiak ez du hazkunderako zantzurik nabarituko, “atzeraldi epe garbi bat” baizik, Jose Miguel Ayerza Adegiko presidentearen iritziz. Datozen hilabeteei eta urteei begira, “enplegu, finantza eta energia kostuak murriztearen eta produktu lehiakorragoak ekoiztearen alde” agertu da.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Ayerzak berretsi du “hazkunderako zantzurik” ez dagoela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomiaren egoerari eta lurralde horretako enpresen egoerari buruz argitaratutako datuen arabera, “atzeraldia” datorrela, “argi eta garbi”. “Mahai gainean dauzkagun azken datuak ez dira batere positiboak”, gaineratu du.
Esportazioek atzera egin dutela azpimarratu du Ayerzak. “EAEko ekonomiaren oinarria dira, baina azken hilabeteetan esportazioek behera egin dutela ikusi dugu, batez ere, Europako merkatu batzuek egun duten egoeraren ondorioz”, azaldu du.
Estatu mailan bizi den egoerara ez iristea espero du Adegiko presidenteak. “Espainiako ekonomiarekin alderatuta, gure jarduera ekonomikoaren azpiegitura oso bestelakoa da”, gaineratu du.
“Guk ez diogu Estatuari begiratu behar, Europari eta merkatu globalei baizik. Gure enpresek gainerako merkatuetan gertatzen ari denari begiratu behar diote, eta gure lehiakortasuna hobetzeko erabakiak hartu”, esan du.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Aurrekontuei buruz ez du adierazpenik egin nahi izan, baina horiek egiteko ardura Adegik izango balu “beste batzuk” aurkeztuko lituzkeela adierazi du.
Gaur egungo egoera zein den ikusita greba orokorrei buruz hitz egitea “jokoz kanpo” egotea dela esan du Adegiko ordezkariak. “Etsaia kanpoan dago, ez etxean”, azpimarratu du.