Krisi Ekonomikoa -
BEZa
2013an zergak igoko ez dituztela ziurtatu du Montorok
Halaber, garraioetan, ostalaritzan eta turismoan BEZ murriztuari eutsiko diotela adierazi du.
Erredakzio
Gobernuak aurten zergak igoko ez dituela eta garraioetan, ostalaritzan eta turismoan BEZ murriztuari eutsiko diola ziurtatu du Cristobal Montoro Ogasun ministroak. Gainerakoan, Espainiaren lehiakortasunari egingo litzaioke kalte, ministroaren ustez.
Bestalde, BEZ tarte bakoitzari dagokien produktuen zerrendan aldaketarik egongo ez dela esan du Montorok, Ministroen Kontseiluaren ondoren egin duen agerraldian.
Edonola ere, datorren urtean autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek BEZa ordaintzeko dituzten epeetan aldaketak egongo direla gogora ekarri du ministroak. Izan ere, behin faktura kobratuta ordaindu ahal izango dute zerga.
''Orain dagokiguna zerga zama berregituratzea da'', gaineratu du. Ildo horretan, Gobernuak zerga egitura berria diseinatzen ari dela esan du Fernando Jimenez Latorre Estatuko Ekonomia idazkariak.
Aparteko soldatak
Halaber, Montoro ministroak ukatu egin du funtzionarioen aparteko soldatak murrizteko asmoa dutenik, ''ezta partzialki ere''.