Krisi Ekonomikoa -
Lan erreformaren ostean
Gorenak lan-erregulazioko txosten bat baliogabetu du lehen aldiz
Era horretan, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko epaia berretsi du Gorenak eta Talleres Lopez Gallegoren 28 kaleratzeak baliogabetu ditu.
Erredakzioa
Lan erreforma indarrean dagoenetik, Auzitegi Gorenak lehen aldiz lan-erregulazioko txosten bat baliogabetu du, enpresak kontsultatzeko garaian langileei beharrezko dokumentazio guztia helarazi ez ziela iritzita.
Epaiak Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzitakoa berretsi du. Azken honek Talleres Lopez Gallegok lan erreforma indarrean sartu eta hamar egunera aurkeztu zuen lan-erregulazioko txostena baliogabetu zuen.
Enpresak helegitea aurkeztu du jada. Epaiaren arabera, lan-erregulazioko txostenaren prozesuaren forman "hutsegite larriak egon ziren"; izan ere, kontsultatzeko garaian ez zitzaien langileei beharrezko dokumentazioa helarazi, eta era horretan, ez zuten jakin zehazki kaleratzeen zergatia zein izan zen.
Kontsultatzeko garaia negoziatzeko fasea da. Langileek eta enpresak kaleratze kolektiboa ekiditeko edota horren ondorioak murrizteko azterketa egiten dute, eta, besteak beste, kaltetutako langileei birmoldatzeko laguntzak eskaintzeko egiten da.
Gorenak esan duenez, kontsulta garaiarekin batera kaleratze kolektiboaren arrazoiak ematen dituen memoria aurkeztu behar zaie langileei, kaltetutakoen kopuruarekin eta azken urtean lan egin dutenen klasifikazio profesionalarekin batera, baita kaleratzeak egiteko aurreikusitako epea eta kaltetutakoak aukeratzeko erabilitako irizpideak ere.
Horregatik guztiagatik, enpresaren erabakia baliogabetzea erabaki du Gorenak, "eskatutako gutxiengo dokumentazioarekin lotuta egindako arau hausteak direla eta".