Krisi Ekonomikoa -

Gutxieneko historikoa

Europako Banku Zentralak interes tasa % 0,5era jaits lezake gaur

Adituek uste dute jaitsiera % 0,25ekoa izan daitekeela, hazkunde ekonomikoa bultzatzen saiatzeko.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak (EBZ) puntu laurden jaits lezake interes tasa ostegun honetan, eta gutxieneko historikoan utzi, hots, % 0,5ean. Erabaki horrekin, euroguneko jarduera ekonomikoa bultzatu nahi dute.

Jaitsierarik ez balego, merkatuetan etsipena nagusitu daitekeela uste dute zenbait adituk.

IG enpresako Soledad Pellon adituaren iritziz, segur aski, Europako Banku Zentralak gaur jaitsiko du interes tasa, "ez baitago hori ez egiteko inolako arrazoirik". Halaber, ez du uste jaitsierak inflazioan eraginik izango lukeenik. Apirilean, inflazioa % 1,2koa izan da eurogunean.

Horren ustez, EBZk ez dauka inflazioaren aitzakiarik, eta ez du uste Alemaniaren kontrako jarrera nagusituko denik.

Marian Fernandez Inversis taldeko adituaren esanetan, azken asteetan zabaldutako datu makroekonomikoek interes tasaren jaitsiera azkartu lezakete, eta ekainean egin beharrean maiatzean gauzatzea. Halaber, egoera ekonomikoak txarrera egiten badu, etorkizunean jaitsiera gehiago egon daitezkeela uste du.

Europako ekonomiaren beherakadak interes tasak jaisteko aukerak areagotu ditu, Renta 4 enpresako adituen arabera.

Hala ere, bankuko gobernu kontseiluan dagoen zatiketa dela-eta, erabakia datorren ekaineko bilerara arte atzeratuko da, zenbait adituren iritziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea