Krisi Ekonomikoa -
Aurreakordioa
Bizkaibuseko langileek bertan behera utzi dituzte lanuzteak
Goizaldean, aurreakordioa sinatu dute sindikatuek eta zuzendaritzak, lan hitzarmena aurrera ateratzeko.
Erredakzioa
Transportes Colectivos (TCSA) Bizkaibus zerbitzuaren zati handiena eskaintzen duen enpresako, langile batzordeak aurreakordioa sinatu du gauerdian zuzendaritzarekin, hitzarmen kolektiboa onartzeko.
Gauerdian aurkeztuko diete aurreakordioa langileei, eta, akordioa babesten badute, bertan behera utziko dituzte aurreikusitako protestak eta lanuzteak, Oscar Bajo enpresa batzordeko presidenteak jakinarazi duenez.
Aurreakordioaren gaineko xehetasunak eman ditu Bajok. Hala, 2013-2014 urteetarako hitzarmena sinatuko dute, eta soldatak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igoko dituzte.
Ultraktibitatea modu mugagabean mantentzea ere adostu dute, hots, beste hitzarmen kolektibo bat sinatu arte aurrekoa egongo da indarrean. Hala, lan-erreformaren alde polemikoena aplikatzea saihestu dute.
Halaber, zuzendaritzak ezingo du lan hitzarmena albo batera utzi sindikatuekin akordioa lortu gabe, lan erreforma berriak horretarako ahalmena ematen badio ere. Gainera, absentismoari aurre egiteko, lan erreformaren aurreko legedia erabiltzea ere adostu dute.
TCSA enpresak Ezkerraldean eta EHUko Leioako campusean eskaintzen du zerbitzua.