Krisi Ekonomikoa -
Martxoko datuak
Txikizkako merkataritzaren salmentak % 15,3 murriztu dira EAEn
Euskomer Konfederazioak ez du hobekuntzarik espero uztailera arte gutxienez, eta sektorean kaleratze gehiago izango direla aurreikusi du.
Erredakzioa
EAEko txikizkako merkataritzaren salmentak % 15,3 inguru murriztu ziren martxoan, Espainiako Estatuko batez besteko beherakada % 10,9koa izan zenean. 2012 oso kontuan izanda, salmentek % 5,1 egin zuten behera, eta Etxeko Ekipamendua saltzen duten dendetan izan zen behrakada handiena, % 7,5ekoa hain zuzen ere.
Datu horien berri eman du Bilbon Pedro Campo Euskomer Merkataritza Konfederazioko presidenteak.
Campok ez du sektorea berpizteko zantzurik ikusten gutxienez uztaila arte, eta egoera horren aurrean, "kaleratze gehiago" izango direla aurreikusi du.
Canoij azpimarratu du sektoreak "pisu handia" duela Euskal Autonomia Erkidegoan, 5.500 milioi euroko ekarpena egiten duelako. Horregatik, "egoera kezkagarria" dela ohartarazi du eta sektoreko autonomoei kredituak lortzeko erraztasunak ematen ez badizkiete kaleratze gehiago egongo direla uste du.
2012ko balantzeari dagokionez, EAEn 850 denda itxi zituztela eta egun 28.305 daudela jakinarazi du. Denden itxieraren ondorioz 1.314 langile lanposturik gabe geratu ziren eta 120 milioi euro gutxiago fakturatu zituzten.