Krisi Ekonomikoa -
Eusko Legebiltzarra
EiTBko lantaldearen birmoldaketa azaltzeko eskatu diote Iturberi
EiTBko zuzendari nagusiaren agerraldia eskatu dute EH Bilduk eta PSE-EEk.
Erredakzioa
Euskal Irrati Telebistaren baitan egingo diren doiketak azaltzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiek Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiari. Iturbek Legebiltzarrean azalpenak eman ditzala eskatu dute EH Bilduk eta PSE-EEk. EiTBko zuzendaritzak argitu du "okerrak" direla EiTBko irratiei lotuta aipatu diren murrizketa datuak.
Iturberen agerraldia eskatu du EH Bilduk, "Euskadi Irratian, Radio Vitorian, Radio Euskadin eta ETBn murrizketak izango direla jakin ostean". Koalizio abertzalearen esanetan, murrizketa % 15ekoa izango da euskarazko irrati publikoan eta % 25ekoa Radio Vitorian. EH Bilduren iritziz, "murrizketak bereziki larriak dira Radio Vitorian, irrati katearen jarraipena kolokan jartzen dutelako". EH Bildu beldur da Radio Vitoria desagerrarazteko prozesua martxan jarri ote den.
EH Bilduren esanetan, irrati eta telebista publikoek kalitatezkoak izan behar dute, eta "euskal gizarteak informazioa objektibotasunez jasotzeko duen eskubidea" bermatu behar dute, eta horiek eta "langileak kaleratzea" ez dira bateragarriak.
PSE-EEk ere Iturberen agerraldia eskatu du, EiTBko langileen gainean hartu behar dituen erabakiak azal ditzan. Sozialistak harrituta agertu dira EiTBko lantaldeetan birmoldaketak egon daitezkeelako. Horiek azpimarratu dutenez, Iturbek Radio Vitoria mantentzeko asmoa agertu zuen duela gutxi Eusko Legebiltzarreko batzorde batean, eta ukatu egin zuen krisi ekonomikoak langileen artean ondorio "larriak" izango zituela.
Alderdi Popularrak baztertu egin ditu EiTBko doitze neurriak. Bereziki, Radio Vitoriaren egoera azpimarratu du Carmelo Barrio Arabako PPko buruzagiak, eta EAJk Radio Vitoriaren "betiko izaera" lausotu nahi duela salatu du.
"Orain, lantaldeetan doitzeak egingo dituzte, eta gero programazioan aldaketak egingo dituzte, Radio Vitoria Radio Euskadiren sukurtsal bihurtu arte", adierazi du. "Salagarria da Radio Vitoriak izan duen ibilbidearen ondoren, orain Bilbotik zuzentzea", gaineratu du.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak hainbat galdera erregistratu ditu Gasteizko ganberan, "Radio Vitoriako langileen laurdena murrizteko izan dituen arrazoiak azaldu ditzan". Halaber, neurri horiek talde osora zabalduko diren ere galdetuko dio Iturberi.
Datuak ''okerrak'' direla esan du EiTBk
EiTBko zuzendaritzak argitu nahi izan du ''okerrak'' direla doitze ekonomikoko neurrien inguruan Euskal Irrati Telebistako irratiei lotuta aipatu diren datuak, eta gai honen inguruan ''zabaldu diren informazio okerrek EiTBren irudia konprometitu'' dezaketela salatu du.
Hala, zuzendaritzak argitu du ez dela egia Radio Vitoria lantaldearen % 25 murriztera doanik, eta bertako langileekin hartutako erabakia ''behin-behineko sei kontratu ez berritzea'' dela azaldu du. Beraz, zuzendaritzak argitu duenez, ''ez da egia'' 10 langile kaleratzeko erabakia hartu izana ezta erabaki hori jakinarazi izana ere.
EiTBko zuzendaritzaren hitzetan, lantaldearen egitura erabilgarri dagoen aurrekontuarekin mantentzea da asmoa, ''atal ezberdinen bideragarritasuna arriskuan jarri gabe''. Ildo horretan, zuzendaritzak gaineratu du ez dagoela Radio Vitoriaren ''desagerpenaren'' beldur izateko arrazoirik, eta Maite Iturbek berak maiatzaren 13an Legebiltzarrean esandakoa gogora ekarri du. ''Mantendu eta zainduko dugun marka garrantzitsua da Radio Vitoria'', esan zuen bertan.
Eusko Irratiaren kasuan, hainbatek aipatu duten lantaldearen %15eko murrizketa ere ez da egia, zuzendaritzak azaldu duenez, eta irratietako lantalde estrukturalari eutsi egingo zaiola berretsi du.
Azkenik, aurrekontu aldetik aparteko esfortzua egin behar izan arren EiTBk gizartearekin duen konpromisoa betetzen jarraituko duela jakinarazi du zuzendaritzak, eta, ''elkarrizketarako borondatea'' plazaratu du. ''Denok, Zuzendaritzak eta langileek bermatu behar ditugu EiTBren bideragarritasuna eta etorkizuna'', gaineratu du.