Politika -

Legebiltzarreko Batzordean

EiTBren 4. Plan Estrategikoa udazkenerako bukatu nahi du Iturbek

''Erredakzio bateratu'' baten alde egin du zuzendari nagusiak, eta ''oreka'' defendatu du, aurrekontu mailan, irratiaren, telebistaren eta Interneten artean eta euskararen eta gaztelaniaren artean.

Maite Iturbe, EiTBren Kontrolerako Legebiltzarreko Batzordean. Argazkia: EITB
Maite Iturbe, EiTBren Kontrolerako Legebiltzarreko Batzordean
Maite Iturbe, EiTBren Kontrolerako Legebiltzarreko Batzordean. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Irrati Telebistako 4. Plan Estrategikoa udazkenerako prest izatea espero du Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak. 2013-2015 urteetarako plan horretan, EiTBk zerbitzu publiko gisa duen lanaren eta euskara sustatzearen alde egin nahi du Iturbek, kontratu-programa orekatu batekin.

EiTBren Kontrolerako Legebiltzarreko Batzordean agerraldia egin du Maite Iturbek, berak eskatuta, eta dagoeneko 4. Plan Estrategikoa lantzen ari direla azaldu du. ''Udazkenerako bukatuta egotea nahi dugu. Bost edo sei hilabete barru jakingo dugu zehazki zeintzuk diren EiTBren lehentasunak eta proiektu estrategikoak'', gaineratu du.

Iturbek azaldu duenez, eredu publikoaren babesa da lantzen ari diren ildo estrategikoen oinarria. ''Denok gaude eredu publiko baten alde'', gaineratu du.

EiTBko zuzendari orokorrak jakinarazi duenez, ildo estrategiko horiek azterketa eta garapen fasean daude egun, eta litekeena da fase hori irailean edo urrian bukatzea; azaroan edo abenduan, berriz, ''sozializazio fasea'' abiatzeko asmoa dute.

''Oreka'', ildo guztietan

Zerbitzu publikoa izateaz gain, EiTB ''kalitatezko komunikazioa taldea'' ere izan behar da, eta ''oreka'' mantendu behar du, irratiaren, telebistaren eta Interneten artean, baita euskarazko eta gaztelaniazko kateen artean ere.

Talde multimediari eusteko, Maite Iturbek finantza-orekaren alde egin du, eta oreka hori, Iturberen hitzetan, autofinantzaketatik eta Eusko Jaurlaritzatik iritsi behar da, ikus-entzunezko sektorea ahaztu gabe. Horretarako, eredua bermatu eta bere finantzaketa argi utziko duen kontratu programa berriz ere martxan jarri beharra aldarrikatu du, EiTB aurrekontuen urteroko eztabaidatik ateratzeko.

Erredakzioa bateratua

Egungo zuzendaritzak ez du langile kopurua ''birdimentsionatzeko'' asmorik, Iturbek berretsi duenez, baina ''baliabideak optimizatzeko'' aukerak aztertzen ari direla iragarri du, ''ordutegiak eta soldata osagarriak malgutuz'' eta ''zeharkako funtzioen bitartez, teknologia berriek hori ahalbidetzen dutelako''. Horren harian, ''plataforma guztientzat edukiak sortzeko gai izango den erredakzio bateratu'' baten alde agertu da Iturbe, ''sinergiak aprobetxatuz''.

Telebista: ETB-1en aldeko apustua

Iturbek azalduz duenez, ETB-1, ETB-3 eta ETB-HD (ETBKSat-en ordez) izango dira euskarazko eskaintza. ETB-1ek publiko zabalarentzat izaten jarraituko du, eta ''10 ordu baino gehiagoko programazio propioa izango du'' egunean. ETB-3 haurren esparruan arituko da, eta, osagarri modura, ETB-HD izango da, ''euskarazko edukiak bertatik eta bereizmen handian eskaintzeko''.

Gaztelaniazko programazioan, berriz, ETB-2k informazioaren aldeko apustuari eutsiko dio, arlo horretan lidergoari eusteko.

Irratia: Helburua, euskarazko entzuleen kopuruak gora egitea

Irratiko euskarazko eskaintzak bi produktu nagusitan banatuta jarraituko du: Euskadi Irratia, publiko  zabalari zuzendutako kanala; eta Gaztea, gazte jendearentzat egindako irrati-formula. Iturbek azpimarratu duenez, biek dute audientzia ''ireki eta fidela'', baina, hurrengo urteetarako, bereziko Bizkaian euskarazko entzuleen zenbatekoa igotzea izango da erronka.

Radio Euskadik informazioa eta aktualitatea lehenesten jarraituko du, egungo lidergoari eusteko erronkarekin, eta Radio Vitoriak, berriz, azken horren programazio gehiago eta programazio propio gutxiago eskainiko du, ''baliabideak aprobetxatzeko''.

Azkenik, EiTB Musikak bere horretan jarraituko du, kostu txikikoa izanik ''Gaztearen eskaintzan osatzen duelako''.

Internet: ''Etorkizuna''

''Internet oraina bakarrik ez, etorkizuna ere bada'', esan du Iturbek. Halaber, telebista, irratia eta plataforma ezberdinak eta barruko profesionalak ''berriz ere definitzearen alde'' agertu da zuzendari nagusia, telebista eta irratiko profesionalak Interneten ere aritu daitezen, baina, aldi berean, euskarri horrek eduki propioak ere izan ditzan. ''Eskaria eta lehia Interneten daude, eta horretan espezializatu behar dugu'', gaineratu du.

Aske Gunea

EH Bilduk 'Aske gunea'ri buruzko informazioaz egindako galderari erantzunez, Maite Iturbek esan du jarraipen ''egokia, zehatza, profesionala eta inpartziala'' egin zitzaiola EiTBko hedabideetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea