Krisi Ekonomikoa -

Kontrolerako saioa

Rajoy, ekaineko europar goi-bileraren aurretik akordioak egiteko prest

Diputatuen Kongresuan osoko bilkura berezia egitea proposatu dio Rubalcabak Espainiako presidenteari.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekaineko Europako goi-bileraren aurretik hitz egiteko eta akordioak lortzeko prest agertu da Mariano Rajoy Espainiako presidentea.

Espainiako presidenteak Diputatuen Kongresuko kontrol saioan azaldu duenez, posible da hainbat gairen inguruan akordioa lortzea, hots, defizita, gazteen langabezia, eta Europako Inbertsio Bankuak eta Europako Banku Zentralak krisi ekonomikotik irteteko izan behar duten jarrera, adibidez.

Ekaineko europar goi-bileraren aurretik, Diputatuen Kongresuan osoko bilkura berezia egitea proposatu dio Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Rajoyri, Espainiak bilera horretan izango duen jarrera adosteko.

"Hala, espainiar guztien babesa izango duzu", esan dio Rubalcabak Rajoyri. PSOEko buruaren arabera, Espainiako presidenteak jarrera aldatu du, eta sozialistek bultzatzen dituzten planteamenduetara gerturatu da.

EAJren kritika

Legeak adostasunik gabe aldatzen dituela egotzi dio Aitor Esteban Espainiako Kongresuan EAJk duen bozeramaileak Espainiako presidenteari. Dena gezurtatu du Rajoyk, eta komunikazio bideak hobetzeko eta akordioak lortzeko bere esku dagoen guztia egingo duela iragarri du. "Ezin diot gobernatzeko dudan erantzukizunari muzin egin", gaineratu du.

Aitor Estebanek salatu duenez, Gobernua ez da adostasunak lortzen saiatzen "gutxieneko akordioa" eskatzen duten legeetan, eta administrazio lokalen erreforma eta hezkuntza erreforma jarri ditu adibide gisa.

"Legegintzaldia hasi zenetik, lege proiektu baino dekretu lege gehiago onartu dira. Gainera, garrantzitsuak ez ziren gaietan ere ez dute zuzenketarik onartu", salatu du.

Hezkuntza erreformaren harira, hitz egiteko prest dagoela berretsi du Espainiako presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea