Krisi Ekonomikoa -

Rajoyren Gobernuaren erreforma

Euskal pentsio sistemaren bideragarritasuna babestu du EAJk

EH Bildu ere "pentsioen euskal sistema publiko" baten aldeko eztabaida irekitzearen alde azaldu da.

Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea. Argazkia: EiTB
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea.
EAJk euskal pentsio sistema propio baten bideragarritasuna defendatu du

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea, euskal pentsio sistema ezartzearen alde mintzatu da, eta horren bideragarritasuna babestu du. Azaldu duenez, azken hiru urtean Euskal Autonomia Erkidegoak defizita izan badu ere, "aurreko hamaika urteetan egoera bestelakoa izan da".

"Pentsio sistemaren bideragarritasuna populazio aktiboaren baitan baldin badago, EAEn langabezia Espainian baino txikiagoa denez, euskal pentsio sistema Espainiakoa baino bideragarriagoa litzateke", adierazi du.

Radio Euskadiko "Mas que palabras" saioan, hamabi laguneko aditu taldeak pentsio sistemaren bideragarritasunari buruz prestatutako txostena izan du hizpide. Azaldu duenez, "pentsioak KPIaren arabera berrikusiko ez badira, eta gizarte segurantzak dituen diru-sarrerak eta pentsiodunen bizi-itxaropena kontuan hartuko badira, agonia luzatu besterik ez dugu egingo".

Azaldu duenez, "pentsio sistema bere kabuz finantzatzea lortu nahi badute, "aldaketaren bat egin beharko dute". Horren ustez, pentsio sistemaren arazoa langabezia da, eta, beraz, ekonomiaren suspertzean dago gakoa, gizarte segurantzan kotizatzen dutenen kopurua geroz eta handiagoa izan dadin. "Bizi-itxaropena luzatzen ari da, eta gizarte segurantzan kotizatzen ari direnen zenbatekoa proportzioan igotzen ez bada, ez da bideragarria", gaineratu du.

Egibarren iritziz, pentsio sistema berrikusteak ez die zertan pentsiodunen kalte egin behar.

Pentsioen euskal sistema publikoa

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, batzordeak "dagoeneko Gobernuak egiten duenari estaldura legala" eman dio.

Pentsioen eskubidea "merkatuen menpe" dagoela salatu du eta "pentsioen euskal sistema publiko" baten aldeko eztabaida irekitzearen alde agertu da.

PSE-EE: "Pentsio sistemari buruzko galdeketa egin behar zaie herritarrei"

Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez, pentsioen etorkizuna herrialdeko arazoa da, eta ez adituena. Horregatik, pentsioen erreformari buruz herriari galdetu behar zaiola uste du. "Guztiok hartu behar dugu pentsioei buruzko erabakia", adierazi du.

Azaldu duenez, "ez ditugu hemendik 50 urterako pentsioak diseinatu behar, eta ez dugu apokalipsi egoera bat saldu behar, gero konpontzen saiatu behar badugu". Halaber, arazoaren muina aberastasunaren banaketa bidegabea dela uste du.

'Ezer egiten ez dutenen aurrean' erabakiak hartzea defendatu du Semperrek

Borja Semper PPk Gipuzkoan duen presidentearen iritziz, "inork ez du sistema zapuztu nahi"  eta politikari guztiek pentsioen sistema publikoa eta kalitatezkoa finkatu nahi dutela adierazi du. Hala ere, errealitate ekonomikoak eta demografikoak egoera berriz hausnartzea dakarrela ohartarazi du.

"Bi eredu daude: soilik hitzaldiak eman eta ezer egin nahi ez dutenena eta erabakiak hartu behar direla pentsatzen dugunena, dau da, egun kotizatzen dutenek pentsioak jaso ahal izateko", azaldu du Radio Euskadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea