Krisi Ekonomikoa -

Canal 9 itxi dute

Fabra: 'Itxiera negoziaezina da eta berehala egingo dugu'

Valentziako presidentearen hitzetan, 'ez ditugu langileak berriz onartzeko 40 milioi', eta irrati-telebistako zuzendaria kargutik kendu dutela aurreratu du.

Alberto Fabra, Canal 9ren itxiera azaltzeko agerraldian. EiTB
Alberto Fabra
Fabra: 'Ez ditugu 40 milioi euro langileak berriro hartzeko'

5:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Valentziako irrati-telebistako itxiera negoziaezina da eta berehala egingo dugu", adierazi du Alberto Fabra Valentziako Gobernuko presidenteak itxiera azaltzeko hedabideen aurrean egin duen agerraldian.

Fabra irmo mintzatu da exekutiboak atzo erabakitakoaren kontura, eta 40 minutu aski izan ditu itxieraren nondik norakoak justifikatzeko. Gobernuko egoitzaren kanpoaldean dozenaka langile bildu dira, itxieraz protesta egiteko.

"Ez ditugu langileak berriz onartzeko 40 milioi", eta diru hori hezkuntza, osasuna edo gizarte zerbitzuei eusteko behar duela esan du Generalitatearen egoitzan egindako agerraldian.

Horren esanetan, Rosa Vidal Valentziako irrati-telebistako zuzendari nagusiak ez du karguan jarraituko, eta berari egotzi dizkio enplegu-erregulazioko txostena aplikatzeko hartutako erabakiak.

Fabraren hitzetan, ixteko erabakia "ez da erosoa izan, oso zaila izan da, baina herritarrei oinarrizko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko modu bakarra da", erantsi du.

Enplegu-erregulazioko txostenaren inguruko erantzukizuna

Presidentearen arabera, Rosa Vidal Valentziako irrati-telebistako zuzendari nagusiak ez du karguan jarraituko, eta, hein batean, berari egotzi dizkio enplegu-erregulazioko txostena aplikatzeko hartutako erabakiak. Vidal bera Gobernuarekin oso kritiko mintzatu zen atzo, egoeraren erantzule egin baitute.

Hain justu, Jose Ciscar bozeramaile eta presidenteordeak karguan jarraituko duela baieztatu du, eta itxieran Valentziako Gobernuak inongo erantzukizunik ez duela erantsi du: "Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu gara".

Horren ildotik, enplegu-erregulazioko txostena egiteko eta gauzatzeko aholkua eman duten enpresen kontra egitea ere aztertzen ari direla agertu du.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteari eta Cristobal Montoro Ogasun ministroa itxieraren berri eman diela gaineratu du Fabrak.

"Ez dut  ospitale bat itxiko telebista zabalik mantentzearren"

Agerraldia egin baino lehen, Onda Cero irrati katean izan da Fabra. Han ere, gauza bera adierazi du: "Ez dut eskola bat edo ospitale bat itxiko, telebista autonomiko bat zabalik mantentzearren".

Valentziako Auzitegi Nagusiak enplegu-erregulazioko txostenaren kontura egindako "epaia oso argia da, eta ez dugu helegiterik aurkeztuko. Oso argi dugu administrazio publikoek oinarrizkoa denari eman behar diotela lehentasuna, eta ongizate estatua da bermatu behar duguna", adierazi du.

Fabraren esanetan, "itxiera da bide bakarra, eta hori da egingo duguna".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea