Krisi Ekonomikoa -

Espainiako bankuak

Banku-sistemaren sendotasun baieztatu eta arriskuez ohartarazi du EBk

Arriskuak ''esanguratsuak'' izaten jarraitzen dutela ohartarazi dio Bruselak Espainiari, eta, ondorioz, erreformekin jarraitzeko dei egin dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako banku-sistemaren sendotasuna baieztatu du Europako Batzordeak (EB), baina kapitala sendotzeko eta maileguen jarioa berpizteko beharra helarazi du. Halaber, Espainiako ekonomian oraindik egon dauden arriskuez ohartarazi du Bruselak.

"Banku sistemaren sektore ahulenaren konponketa ia erabat burutu da'', azpimarratu du EBk, Europako Banku Zentralarekin batera kaleratu duen txostenean. Irailean Nazioarte Diru Funtsaren ordezkariekin batera Madrilera egindako bisitak utzitako ondorioak biltzen ditu txostenak.

Hala, Espainiako bankuek likidezia maila handiagoa dutela eta sektoreak erreskateak eskatutako baldintzekin bete duela azpimarratu du Bruselak.

Nazionalizatutako bankuen inguruan, EBk uste du berregituraketa prozesua ''bide onetik'' doala, baina ''Estatuaren laguntza jaso zuten hainbat erakunderen aurreikuspenek oraindik erronkak'' dituztela aurretik.

Eskatutako erreformak orokorrean egin dituztela azaldu du txostenak, baina zenbait arlotan erreforma horiek bukatu gabe daudela azpimarratu du EBk, eta bereziki aipatu du aurrezki kutxen buruzagitzaren ingurukoak.

Bestalde, arriskuak oraindik ''esanguratsuak'' izaten jarraitzen dutela ohartarazi du Bruselak, eta, ondorioz, erreformekin jarraitzeko dei egin dio Espainiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea