Krisi Ekonomikoa -

Ministerioaren datuak

EAEn jaitsi da gutxien langabezia apirilean

Martxoan baino 75 langabe (% 0,04) gutxiago zenbatu dituzte EAEn, eta 1.679 gutxiago Nafarroan. Espainiako Estatuan % 2,3koa izan da beherakada.

Ilara, Inemen. Argazkia: Efe
Ilara, Inemen.
Ilara, Inemen. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoan baino 75 langabe gutxiago (% 0,04 gutxiago) zenbatu dituzte EAEn apirilaren amaieran, eta guztira 178.073 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lan Ministerioak zabaldu berri dituen datuen arabera, Espainiako Estatu osoa aintzat hartuta, EAEn murriztu da gutxien langabezia 2014ko laugarren hilean.

2013ko apirileko datuekin alderatuz gero, 516 langabe gutxiago daude EAEn; beraz, urtebetean % 0,29ko beherakada izan da. Nafarroan, berriz, beherakada askoz ere nabarmenagoa izan da, 1.679 langabe gutxiago zenbatu baitituzte.

Espainiako Estatua

Espainiako Estatuko enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan (lehengo Inem) martxoan baino 111.565 langabe gutxiago zenbatu dituzte apirilaren amaieran; % 2,3 gutxiago, hain zuzen. Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez, 1996tik izan den beherakada handiena da hori.

Guztira 4.684.301 langabe zenbatu dituzte apirilaren amaieran, eta urtebetean % 6,1 egin du behera tasak, 304.892 langabe gutxiago zenbatu baitituzte. Opor garaiagatik langabezian izan den murrizketa kontuan izan gabe, 50.202 lagun gutxiago zenbatu omen dituzte apirilaren amaieran langabezian, eta dagoeneko bederatzigarren hilabetez jarraian egin du behera, 1999tik lehen aldiz.

Langabeziak behera egin ohi du apirilean, eta 1996tik 2008an eta 2009an soilik egin zuen gora.

Estatuko autonomia erkidego guztietan murriztu da langabezia-tasa apirilean, baina beherakada handienak Andaluzian, Katalunian eta Madrilen izan dira.

Rajoy, "animatuta"

Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak esan du "animatuta eta itxaropentsu" dagoela etorkizunari begira, enpleguaren suntsipena amaitu dela iritzita. Langabeziaren datuak "onak" direla esan du Ser irratian egindako elkarrizketa batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea