Krisi Ekonomikoa -
Enplegua sortzeko plana
Maiatzean onartuko du Rajoyren Gobernuak susperraldirako plan berezia
Soraya Saenz de Santamariak sozialistei egotzi die "Espainia gero eta hobeto izan, PSOE txarrago" egotea. "Hori da euren arazo nagusia", gaineratu du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak maiatzean onartuko du ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko plan berezia, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak iragarri duenez. Madrilgo Kongresuan kontrol saio egin dute gaur, eta Soraya Rodriguez sozialistak herritarren "susperraldia" noiz iritsiko den galdetu dio gaur Saenz de Santamariari.
Erantzuteko txandan, sozialistei egotzi die "Espainia gero eta hobeto izan, PSOE txarrago" izatea. "Hori da euren arazo nagusia", gaineratu du. Oraindik egiteko "asko falta" dela onartu du Saenz de Santamariak, baina sozialistak Gobernuan egon ziren legealdia "gero eta urrunago egon, susperraldia gertuago" dagoela azpimarratu du. "Gobernutik aurretik joan zineten, Espainiaren alde aurpegia ez emateko", kritikatu du Saenz de Santamariak. Legealdia langabe gutxiagorekin amaituko dela berretsi du Espainiako presidenteordeak.