Krisi Ekonomikoa -
Krisiaren aurkako neurriak
Rajoyk sozietate-zerga jaitsiko duela iragarri du
Halaber, uda iritsi aurretik Gobernuak enplegui plan berria ere onartuko duela iragarri du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak sozietate-zergaren tasa nominala % 30etik % 25era jaitsiko duela iragarri du.
Estatuko gobernuburua Sitgeseko XXX. Ekonomia Zirkuluaren itxiera ekitaldian izan da.
Jaitsiera 90. hamarkadaren bigarren zatian egin bezala egingo dutela azaldu du, hau da, bi etapatan. Lehenengo etapak eragina izango du datorren urteko zergetan.
Enplegu plan berria
Horrez gain, Rajoyk enplegu plan berria ere iragarri du. Plana uda iritsi aurretik onartuko du Gobernuak enplegua bultzatzeko helburuarekin. Enpleguaren zerbitzu publikoak modernizatzea, prestakuntza sistemaren erreforma eta gazteen bermea izango dira berrikuntza nagusiak.
Presidenteak adierazi duenez, lan merkatuaren hobekuntza ez da koiuntura-faktorea, estrukturala baizik. Horren harian, asteartean langabeziaren eta Gizarte Segurantzaren datu berriak emango direla adierazi du, datu onak izango direla azpimarratuta, "azken aldian izandako onenak".
Artur Masekin elkarrizketa
Bestalde, Rajoy presidenteak Artur Masekin hitz egiteko duen jarrera agertu nahi izan du, "legearen barruan eta gardentasun osoz". Kataluniaren eta Espainiaren arteko "talkaz" hitz egiten dutenei esan die, talkarik egonez gero, norbait "okerreko norabidean" doalako dela.
"Ni arretaz entzuteko prest nago", esan du, baina galdeketa azaroaren 9rako deitu zutenetik hitz egin ez dutela gaineratu du.