Krisi Ekonomikoa -
Hazkundea
Tapia: 'Adierazle positiboak daude, baina zuhurrak izan behar gara'
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak otsailean onartutako plana "datozen urteetarako bide orria" izan behar da ekintzaileentzat.
Erredakzioa
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak adierazi duenez, adierazle ekonomikoek "datu positiboak eman dituzte, eta optimismoa bultzatzen badute ere, zuhurtasunez jokatu behar dugu", oraindik "bide asko baitago egiteko".
Gasteizen inauguratu berri dituen "Zergatik izan ekintzaile Euskadin?" jardunaldietan (bere sailak antolatu ditu), sailburuak Jaurlaritza eta diputazioak elkarlanean aritzearen alde egin du, hazkunde ekonomikoa eta enplegua sustatzeko.
Testuinguru horretan kokatu du 2013-2016 Ekintzaileen Jarduera Sustatzeko Erakundearteko Plana. Planak 266 milioi euroko aurrekontua du 2014rako, eta Jaurlaritzaren Enplegua Sustatzeko Programako sei ardatzetako bat da.
Tapiak nabarmendu duenaren arabera, Jaurlaritzak otsailean onartutako plana "datozen urteetarako bide orria" izan behar da ekintzaileentzat.
Sailburuaren esanetan, planak zenbait ardatz ditu. Lehenengoak ekintzaileen egitasmoak bultzatzea du helburu, gehienbat teknologian oinarritzen direnak, eta horretarako ideien "bilguneekin" harremanetan izango dira; Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarearekin, zentro teknologikoekin eta unibertsitateekin, besteak beste.