Ekonomia -

Bizkaibus

Bizkaibuseko langileek greba mugagabea abiatu dute

Sindikatuek urriaren 4an Bizkaiko Foru Aldundiarekin lorturiko akordioa betetzea eskatzen dute.

Bizkaibuseko langileen manifestazioa. Artxiboko irudia: EFE
Bizkaibuseko langileen manifestazioa. Artxiboko irudia: EFE
Bizkaibuseko langileen manifestazioa. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko langileek greba mugagabea abiatu dute gaur, Bizkaiko Foru Aldundiarekin izandako bileretan akordiorik lortu ez dutelako. Langileek enpleguari eta euren lan-baldintzei eustea eskatzen dute, eta Diputazioa egin dute greba horren erantzule.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitu dute protesta, eta Bizkaibusen lan egiten duten langile guztiak daude grebara deituta; hala nola, TCSA, Encartaciones, Compañia de Autobuses Vascongados (CAVSA), Pesa Bizkaia, eta autobuses de Lujua y Autocares discrecionales del Norte (ADNOR) enpresetakoak. Grebak Bizkaiko eskualde hauetan izango du eragina: Enkartazioak, Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri-Mungialdea, Nerbioi, Arratia-Durangaldea eta Busturialdea-Lea-Artibai.

Greba mugagabea hasi aurretik, langileek bi orduko lanuztea egin zuten irailaren 2an, eta ondoren egun osoko bederatzi greba egun ere egin dituzte. Astelehenetik aurrera greba mugagabeari ekingo diote, eta lehen egunean manifestazioa egingo dute Bilbon.

Mobilizazio hauekin, sindikatuek urriaren 4an Bizkaiko Foru Aldundiarekin lorturiko akordioa betetzea eskatzen dute, enpleguari eta lan-baldintzei eusteko.

Lan-baldintzei dagokienez, zerbitzua eskaintzen duten enpresak sindikatuen planteamendu hori onartzeko prest agertu dira, baina sindikatuek grebari eustea erabaki dute "Diputazioak akordioa betetzen dela bermatu behar duelako". Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, baina, akordioa betetzeko lanean ari dira.

Sindikatuek salatu dutenez, Bizkaibuseko autobus-lineen berrantolaketaren eraginez, 300 lanpostu galduko dira, eta lanpostuei eutsiko zaiela bermatzeko eskatu diote Diputazioari.

ELAk Diputazioa egin du grebaren erantzule

ELA sindikatuaren iritziz, Diputazioa da Bizkaibuseko langileek greba mugagabea hastearen "erantzule bakarra", "iaz lorturiko akordioa ez du bete, eta orain ez du irtenbiderik eskaini".

Sindikatuak hitz egiteko eta akordioa lortzeko prest daude, ELAren arabera. Salatu dutenez, Diputazioak asteburu guztian ez die deitu, eta "horrek gatazka konpontzeko duen borondate falta agerian uzten du". "Eskuko telefonoak piztuta daude", gaineratu du.

Sindikatuen eta Diputazioaren arteko azken bilera akordiorik gabe amaitu zen. "Beraien hitzaz fidatzeko eskatu ziguten, 2016ko martxoan enpleguak berreskuratuko direla, alegia. Ezin digute konfiantza eskatu akordioa betetzen ez badute", nabarmendu dute.

Diputazioak datorren ostiralean bilera batera deitu ditu sindikatuak. ELAren iritziz, sindikatuei eta hiritarrei barre egiten die Diputazioak, izan ere, ostiralera arte bost egunez greba egingo dute "Diputazioak astelehenean bilera egin nahi ez duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Grebak albisteak Bizkaibus berriak