Krisi Ekonomikoa -
Buletina
Espainiako Bankua: 'Soldaten igoerak susperraldia etengo luke'
Soldaten igoera uniformeak susperraldi ekonomikoaren funtsezko oinarriak kolokan jar ditzake, Espainiako Bankuak azaldu duenez. Atzerapausoa izango litzatekeela ohartarazi du.
Erredakzioa
Soldaten dinamikak susperraldi ekonomikoari babesa ematen jarraitu behar duela uste du Espainiako Bankuak. Horrela, “soldatak orokorrean igotzeari bueltatzeak” atzerapausoa izango litzatekeela ohartarazi du; izan ere, Espainiako ekonomiaren lehiakortasunari kalte egin diezaioke.
Soldaten igoera uniformeak inplikatzen dituzten prozedurak sektore guztietan nagusitzen baldin badira susperraldi ekonomikoaren funtsezko oinarriak kolokan jarri daitezke, Espainiako Bankuak gaur argitaratutako azken buletinean azaldu duenez.
Zentzu horretan, enpresetan soldaten inguruko erabakiak esparru indibidualera deszentralizatzen jarraitzea “oinarrizkoa” dela uste du Espainiako Bankuak, langile bakoitzaren egoera berezira hobeto egokitzeko.
Horregatik, soldaten igoera uniformeak ekar ditzaketen akordio zentralizatuak saihesteko eskatu du, “horrek lehiakortasunaren hobekuntza arriskuan jarriko lukeelako”.
Baikor
Espainiako Bankuak egindako kalkuluen arabera, BPGa % 0,6 haziko da urteko azken hiruhilekoan, barne eskariek bultzatuta, eta, horrela, urte osoan % 1,4 haziko litzateke (Bankuaren azken aurreikuspenak eta Espainiako Gobernuak egindako kalkuluak baino hamarren bat gehiago).
Erakundeak plazaratutako azken txostenaren arabera, 2015ean susperraldia egonkortzea espero dute, % 2ko hazkundeak lagunduta, Rajoyren Gobernuak esandakoaren ildotik.
Aurreko hiruhilekoetan bezala, urriaren eta abenduaren arteko hazkundea barne eskariek bultzatu dute, eta kanpoko eskari garbiak, bestalde, ekarpen negatiboa egingo omen du BPGean.