Ekonomia -
Euskadiko Aurrekontuak 2013
Mintegi: 'Ez dugu babestuko gizarte laguntzen kontrako aurrekonturik'
Gipuzkoan PSE-EErekin egindako akordioak ez duela zertan Legebiltzarrean jarraipenik izan gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak.
Erredakzioa
Laura Mintegi Jaurlaritzako EH Bilduko bozeramaileak aditzera eman duenez, 2013rako Aurrekontuek diru-laguntzak mantentzeko eta murrizketen aurreko egoerara itzultzeko asmorik agertzen ez badute, "EH Bilduren babesa nekez lortuko dute".
Legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan, Mintegik esan du ezin duela EH Bilduk Aurrekoentuen bozketan zein jarrera izango duen aurreratu Jaurlaritzak 2013rako lege-proiektua egin eta aditzera eman arte.
Gauzak horrela, EH Bilduren asmoa "egungo arazoei konponbidea ematen dien aurrekontuen alde egiteko" prest dagoela azpimarratu du Mintegik.
PSErekin akordioa, Gipuzkoan
Hala ere, EH Bilduko ordezkariak argi utzi nahi izan du PSE-EErekin Gipuzkoako aurrekontuak onartzeko egindako akordioak ez duela zertan Legebiltzarrean jarraipenik izan, koalizio abertzalearen jarrera aurkeztutako politiken arabera hartutakoa izango baita.
Mintegiren hitzetan, "lurralde historiko bakoitzak bere errealitatea du, eta erabakiak aurkeztutako politiken arabera hartzen dira", eta ez administrazio bakoitzean agintzen duen alderdi politikoaren arabera.