Ekonomia -
Urtarrilaren 1etik aurrera
2013. urtea produktuen eta zerbitzuen prezioen igoerarekin hasiko da
Energia eta garraioa igo egingo dira besteak beste. Albiste onen artean, gasa aipatu behar da; gas naturala eta butano gasa ez baitira igoko.
Erredakzioa
Urtero legez, urtea oinarrizko produktuen eta zerbitzuen prezioen igoerarekin hasiko dugu, horien artean, argia, ura eta garraioak; guztiak, pentsioen eta soldaten igoerak baino gehiago igoko dira.
Argindarraren faktura % 8,3 igoko da batez beste urtarrilaren 1etik aurrera; 6,48 euro hilean, 77,76 euro urtean, Facuaren datuen arabera.
Autobideetako bidesariak ere igo egingo dira, % 2,4 eta % 3,5 artean; trenen txartelen prezioak ere gora, % 3; aireportuetako tasak % 6,3 igoko dira; eta Correos zerbitzua % 2,95. Igoera hauek ez ezik, Udalek ur tarifan, herri garraioan eta Ondasun Higiezinen Zergan ezarriko dituzten igoerak kontuan hartu behar dira.
Bilbo-Donostia autobidea, 26 zentimo gehiago
Bilbo eta Donostia artean bidaiatzeak 9,39 euro balioko ditu urtarrilaren 1etik aurrera, hau da, 26 zentimo gehiago, Bidegiko datuen arabera.
Kamioi arinek 19,27 euro ordaindu beharko dute eta astunek 22,10.
Halaber, Bilbo-Zornotza bideak 0,80 balioko du; Bilbo-Eibar tarteak 4,55; Bilbo-Zarautzek 7,55; Donostia-Zarautz bideak 1,88; Donostia-Oriok 1,48; Donostia-Gasteiz bideak 2,12 eta Donostia-Gasteizek 11,27 euro balioko ditu.
Renfeko txartelak % 6 igoko dira
Bestalde, aldiriko trenak eta distantzia ertaineko txartelak % 6 igotzea aurreikusten ari da Renfe, sektoreko iturrien arabera. Hala ere, oraindik ez dakite igoera noiz sartuko den indarrean, egun eskualdeko trenen zerbitzuen berregituratze prozesuan buru-belarri baitago Gobernua.
Zergak
Gainera, zergek berrikuntza garrantzitsuak izango dituzte 2013an, horien artean esanguratsuenak, etxebizitza erosteagatik ezabatuko duten kenkaria eta loterian 2.500 eurotik gorako sariek % 20ko zergak ordaintzeko beharra.