Ekonomia -
2012ko datuak
Facuan jasotako salaketen % 35, telefonia eta Internet ingurukoak
Hiru salaketatik batek telekomunikazio arloko iruzurrak eta gehiegikeriak salatzea zuen helburu. Bikoiztu egin dira bankuen kontrako kexak, eta elektrizitate konpainiak hirugarren postuan dira jada.
Erredakzioa
Facua kontsumitzaileen elkarteak 2012an jasotako salaketen % 35 telekomunikazio arloko iruzur eta gehiegikerien ingurukoak izan dira. Halaber, bikoiztu egin dira bankuen kontrako kexak, eta elektrizitate konpainien aurkakoak hirugarren postuan dira jada.
''Zer salatzen dute kontsumitzaileek?'' txostenean jasotako datuetako batzuk dira horiek.
Gaur aurkeztu duten txosten horretan jaso dutenez, 2012an jarri diren hiru salaketatik bat telefonia eta Interneterako sarbidea eskaintzen duten konpainien kontrakoa izan da, eta sektore hori bera da azken 10 urteotan kexarik gehien jaso duena.
Eskainitakoa bete ez izana, zerbitzua bertan behera utzi ondoren fakturak bidaltzen jarraitzea, iraupen-konpromisoa ez betetzeagatik gehiegizko zigorrak ezartzea eta eskatu gabe zerbitzuak kobratzea izan dira kexarik arruntenak.
Bankuak, bigarren; eta elektrizitate konpainiak, hirugarren
Bankuen kontrako salaketak % 16,5 izan dira 2012an, aurreko urtekoaren bikoitza.
Salaketen % 8,9 elektrizitate eta gas konpainien kontrakoak izan ziren, bereziki elektrizitate gaien inguruko irregulartasunengatik.
Ondoren, hauek daude: aseguru konpainiak (kexen % 6,1), etxeko tresnak saltzeko eta konpontzeko zerbitzuak (% 4,5) eta garraioak, bereziki hegazkin konpainiak (% 4).
Facuak, guztira, 40.978 kontsulta eta kexa bideratu ditu 2012an.