Ekonomia -

Eusko Jaurlaritza

Txosten bat eskatu dute, aldi baterako langileen egoera argitzeko

Auzitegi Konstituzionalak abenduko ordainsaria jaso zuten Euskadiko aldi bateko langileek diru hori bueltatu beharko dutela erabaki zuen atzo.

Josu Erkoreka. EITB.
Josu Erkoreka. EITB.
Jaurlaritzak txosten bat eskatu du, aldi baterako langileen egoera argitzeko

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldi bateko langileen egoera argitzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak txosten juridiko bat eskatu duela iragarri du gaur Josu Erkoreka bozeramaileak. Auzitegi Konstituzionalak abenduko ordainsaria jaso zuten Euskadiko aldi bateko langileek diru hori bueltatu beharko dutela erabaki zuen atzo.

Abenduaren 11n, Konstituzionalak eragotzi egin zion Jaurlaritzari bere funtzionarioei abenduko ordainsaria ematea, baina ordurako kontratua bukatuta zuten aldi bateko langileek ordainsaria jaso egin zuten aurretik.

Gobernu bileraren ondorengo agerraldian azaldu duenez, astebeteko epean jakingo dute aldi bateko langileek kobratu zuten Gabonetako ordainsariaren zatia itzuli beharko duten ala ez. Erabakia ordainsaria bueltatzea izango balitz, Jaurlaritzak "kalterik txikiena" eragiteko bidea bilatuko duela esan du Erkorekak.

Erkorekaren esanetan, Konstituzionalaren erabakiak 12.000 langile publikori eragingo die. Zortzi milioi euroko afera izango dela gaineratu du Jaurlaritzako bozeramaileak.

Aldi baterako langileez gain, "erretiroa hartu zuten langileen likidazioak" ere zenbatu beharko dituztela azpimarratu du Erkorekak.

Horretarako, Jaurlaritzak txosten juridiko bat eskatzea erabaki du. "Egia da ordaindutako ordainsari horiek legez kanpo daudela, baina horrek ez du esan nahi ordaindu zirenean legez kanpo zeudenik", azaldu du.

Eskatutako txosten horren arabera erabakiko ditu Jaurlaritzak hartu beharreko neurriak.

Erkorekaren ustez, gertatutakoa PSE-EEren Gobernuaren "erantzukizuna" da. "Aurreko Gobernuaren erabakiak sortu duen kaltea handia da, baina lan egingo dugu kalte hura konpontzeko irtenbiderik onena lortzeko".

PSE-EEko goi-kargudunek ez dute ordainsaria itzuli

Bestalde, Erkorekak esan du PSE-EEko goi-kargudunek ez dutela Gabonetako ordainsaria itzuli. Hala ere, ordainsaria "Legearen baitan" jaso zutela azpimarratu du.

"Goi-kargudunek ordainsaria itzultzea ala ez itzultzea erabaki zezaketen. Batzuk ordainsaria bueltatzea erabaki zuten, beste batzuk, ordea, ez. Baina, ordainsaria kobratu bazuten, Legearen baitan izan zen", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea