Ekonomia -
Aldaketak zuzendaritzan
Bilboko metroko kalte-ordainak EAJk ezarri zituela esan du Aresek
Buruzagi sozialistak adierazi duenez, metroan kargutik kendu dituzten zuzendaritzako kideek aurrekoek jaso zuten kalte-ordain bera izan dute.
Rodolfo Ares PSE-EEren Politika idazkariak Bilboko metroko zuzendaritzako kideek jaso omen dituzten kalte-ordainak izan ditu hizpide astearte honetan. Horren hitzetan, Bilboko metroan indarrean dauden kalte-ordainak EAJk izendatutako ordezkariek jarritakoak dira.
Buruzagi sozialistak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak atzo esandakoari erantzun dio. Bizkaiko Garraio Partzuergoko Kontseilu Nagusiko presidente berriak salatu zuenez, Bilboko metroko zuzendari horiek kargutik kentzea 500.000 euro baino gehiago kostatuko zaie bizkaitarrei.
"Ez ditu Alderdi Sozialistak kargutik kendu zuzendaritzako kideak", gaineratu du. Buruzagi sozialistak adierazi duenez, kargutik kendu dituzten metroko zuzendaritzako kideek aurrekoek jaso zuten kalte-ordain bera izan dute.
"Gardentasuna erabatekoa izan da eta baldintzak aurrez EAJk izendatutako buruzagiek jarritakoak dira", gaineratu du.