Ekonomia -

'Korralito'a

Anastasiadis: 'Dirua zergapetzea edo porrota, besterik ez nuen izan'

Halaber, Zipreko Banku Zentralak iragarri duenez, bankuak asteazkenera arte, gutxienez, itxita egongo dira.

Nikos Anastasiadis Zipreko presidentea. Argazkia: EFE
Nikos Anastasiadis Zipreko presidentea. Argazkia: EFE
Zipreko Parlamentuak bankuetako kontuen gaineko zergaren bozketa atzeratu du

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nikos Anastasiadi Zipreko presidenteak gordailu pribatuei jarritako zerga eta onartutako neurriak justifikatu ditu, zerga horren edota porrotaren artean erabaki behar izan zuela argudiatuz. "Banketxe nagusien porrotaren edo krisitik aterako gaituen baina nahi ez genuen irtenbidearen artean erabaki behar izan genuen", esan du.

Telebista bidez emandako diskurtsoan esan duenez, bi aukera bakarrik eman zizkioten, "dirua zergapetzea edo porrota".

Lehen aukerak milaka lanpostu galtzea ekarriko lukeela azaldu du eta "milaka enpresa ixtea". "Gainera, eurotik atera beharko genuke", adierazi du.

Aurreztaileek ordaindu beharko duten zerga behin ezarriko zaiela azaldu du eta geroago erdia berreskuratu ahal izango dutela.

"Gordailuak bi urtetik gora edukiko dituztenei, gas naturalak etorkizunean emango dituen diru-sarreren bonoetan itzuliko die dirua Estatuak", esan du, datozen urteetan Mediterraneoko uretan ezartzea aurreikusi duten erregaiari aipamen eginez.

Parlamentuaren bozketa

Bestalde, gaurko iragarrita zegoen Nikos Anastasiadis Zipreko presidentearen agerraldia atzeratu du Gobernuak. Izan ere, Eurotaldeak adostutako erreskatearen baldintzak bozkatzeko asmoa zuen Parlamentuak.

Halaber, Banku Zentralak iragarri duenez, asteazkenera arte, gutxienez, egongo dira itxita. Gainera, gaurko egitekoa ziren Ministroen Kontseiluaren bilera ere bertan behera utzi dute.

Alderdi politikoek hainbat bilera-sorta izan dituzte gaur, Eurotaldeak eskainitako diru-laguntzaren aurrean, euren jarrera adosteko. Zipreren erreskateak zalaparta handia eragin du klase politikoan eta herritarren artean.

Proiektuak 56 diputatuen 29ren aldeko botoa beharko du Parlamentuan. Anastasiadisen alderdi kontserbadoreak 20 jesarleku ditu, beraz, beste 9 diputatuen aldeko bozak behar izango ditu.

Bozketa

Eurotaldeak Zipreri 10.000 milioi euroko diru-laguntza ematea erabaki du larunbat honetan. Eurotaldeak eta nazioarteko Diru Funtsak eskatutako baldintzen arabera, 100.000 eurotik gorako gordailua duten Zipreko herritarrek % 9,9ko ezohiko zerga ordaindu beharko dute; 100.000 eurotik beherakoek, berriz, % 6,75.

Eurotik ateratzea

Zipreko oposizioa osatzen duten alderdi politiko guztiek gogor kritikatu dituzte troikak uharteari erreskatea emateko ezarritako baldintzak. Halaber, eurotik ateratzeko eskaera egitea aztertzen ari dira.

AKEL oposizioko alderdi nagusiak Nicos Anastasiades presidentea jo du guztiaren erantzule. Alderdiko buruzagiak neokolonialismotzat jo du troikaren jarrera. "Beren ildo politikoak Zipreri inposatu nahi dizkiote", adierazi du AKELeko buruak.

EDEK alderdi sozialistak Europar Batasunaren eta Zipreko Gobernuaren jarrera kritikatu du. "Ez ditugu aurrekaririk gabeko neurri horiek onartuko, eta ezta Zipreri eta zipretarrei egindako irainak ere", gaineratu du.

Ilara luzeak

'Korralito'aren ondorioz dirua ateratzeko mugak harridura eta sumina piztu ditu Zipreko herritarren artean. Ondorioz, kutxazain automatikoetan ilarak izan dira nagusi, herritarrek euren kontuetatik ahalik eta diru kopuru gehien atera nahi baitzuten, baina egunean soilik 1.000 euro atera dezakete.

'Akordio ona'

Bestalde, Espainiako Ekonomia Ministerioaren hainbat iturrik azpimarratu dutenez, Zipre erreskatatzeko ituna "akordio ona" da . Halaber, akordioa 'korralitoa' izatea ukatu dute. "Ez dira herritarren diru-gordailuak blokeatuko, herritarrek dirua askatasunez mugitu ahal izango baitute", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea