Ekonomia -

Aurrekontuak

Segurtasun Sailak % 70 murriztu du mehatxatuak babesteko aurrekontua

Segurtasun Sailaren aurrekontuaren % 90 Ertzaintzarako izango dela esan du sailburuak, segurtasun publikoa bermatzeko helburuarekin.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua. EFE
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua. EFE
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk mehatxatutakoak eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak babesteko kontratatzen diren bizkartzainen aurrekontua % 70 murriztu dela iragarri du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak; 34 milioitik 9,6 milioi eurora, hain zuzen.

Aurrekontuek "Euskadi segurua izaten jarraitzeko" beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak ematen jartzen dutela arreta esan du Beltran de Herediak, baina "egungo krisi egoera kontuan hartuta". Hala ere, "segurtasunerako oinarrizko zerbitzuei" eutsiko dietela esan du.

Aurrekontu osoa 582,8 milioi eurokoa da, 2012an baino 71 milioi gutxiago, hau da, % 10,9ko murrizketa. Sailka, pertsonalerako aurrekontua % 1,3 murriztu dute, funtzionamendukoa % 25,6 eta inbertsioena % 70.

Aurrekontuaren % 90 Ertzaintzarentzat bideratuko da (552,4 milioi), segurtasun publikoa bermatzeko helburuarekin eta 8.000 agenteei behar dituzten baliabideak emateko.

ETAren indarkeriaren amaierak isla izan du aurrekontuetan; izan ere, mehatxatutako lagunak babesteko diru-kopurua 34 milioi izatetik 9,6 milioira pasatuko da.

Hala ere, 9 milioi horiek handitu daitezkeela zehaztu du sailburuak, genero indarkeria pairatzen duten emakumeak babesteko ere erabiliko baitira.

"Babesa behar duen edozein emakumek zerbitzu hori izango du, eta gastua sortzen diren beharrei egokituko dugu", azpimarratu du.

Bestalde, aurrekontuek ez dute kaleetako pintada mehatxatzaileak garbitzeko dirurik aurreikusten (iaz 200.000 euro erabili ziren horretarako). Segurtasun Sailaren arabera, lan hori Udalei dagokie eta "erabaki horren aurkako salaketak eta epaiak egon ezean" ez duela horretarako dirurik erabiliko zehaztu du.

Azkenik, aurten ez dela Ertzaintzarako Lan Eskaintza Publikorik egongo iragarri du, baina ez du baztertu legegintzaldian zehar eskaintza publikoren bat deitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea