Itxi

2011/10/21

14:13

Politika

Adierazpen historikoa

ETAk jarduera armatua 'behin betiko' amaitu duela iragarri du

EITB.EUS

Erakunde armatuak 'elkarrizketa prozesu zuzena abiatzeko' dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei.

02:38
ETAren agiri osoa
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

ETA erakundeak jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri du, BBC britainiarri eta The New York Times estatubatuarrari igorritako bideo batean. Aurretik, Gara eta Berria egunkariek albistearen aurrerapena eman dute.

"Historikotzat" jo duen adierazpen honetan, "konfrontazio armatua gainditu ahal izateko" konpromiso "argi, sendo eta behin betikoa" azaldu du ETAk.

Helburu horrekin, "Espainiako eta Frantziako gobernuei elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko" deia egin die, "gatazkaren ondorioei" irtenbidea ematera zuzenduta.

Bake Konferentzia

Horrela erantzun dio ETAk Kofi Annan buru zela Donostiako Bake Konferentzian nazioarteko sei liderrek egindako adierazpenari; jakinarazpen publiko baten indarkeria behin betiko utzi duela esateko eskatu zioten horiek.

ETAk bere burua "nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailetzat" hartuta azaldu duenez, Aieteko Jauregian egindako Nazioarteko Bake Konferentzia "garrantzi politiko handiko ekimena" da.

"Gatazkaren konponbide osorako osagaiak" ditu eta "nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa" duela gaineratu du talde armatuak.

"Euskal Herrian aro politiko berri bat irekitzen ari da. Aukera historiko baten aurrean gaude irtenbide justu eta demokratiko bat emateko mendetako gatazka politikoari", nabarmendu du. "Indarkeriaren eta errepresioaren aurrean, elkarrizketak eta akordioak karakterizatu behar dute aro berria", adierazi du.

"Euskal Herriaren aitorpena eta gizartearen nahimenari errespetuak inposizioen aurretik egon behar dute, hori da euskal herritarren gehiengoaren nahia", azaldu du.

"Hainbat urtetako borrokak aukera hau sortu du" eta "bidea ez da erraza izan", adierazi dute. "Borrokaren laztasunak hainbat kide eraman ditu betiko. Beste batzuk kartzelan daude edo erbestean", esan dute, hauei omenaldia egin nahian.

"Hemendik aurrerako bidea ere ez da erraza izango", azpimarratu du. "Oraindik orain dirauen zapalkuntzaren aurrean, urrats bakoitza, lorpen bakoitza, euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza izango da. Bide honi ekiteko Euskal Herriak aski esperientzia eta indar metatu du urteotan eta badu horretarako erabakitasuna ere”, dio agiriak.

 

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Politika
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;