Ekonomia -
Iragarpen berriak
2013a krisiaren azken urtea izango dela esan du Montorok
2013an Gobernuak hornitzaileei ordaintzeko egitasmo berri bat martxan jarriko duela iragarri du Hazienda ministroak.
Erredakzioa
2013a krisi ekonomikoaren azken urtea izango dela iragarri du gaur Cristobal Montoro Hazienda ministroak. Gainera, 2014ko amaieran barne kontsumoa areagotuko dela esan du Montorok.
La Razon egunkariak antolatutako foro batean hitzaldia eman du ministroak. Fatima Bañez Enplegu ministroa, Ana Mato Osasun ministroa, Ana Pastor Sustapen ministroa, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroa, Pedro Morenes Defentsa ministroa eta Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroa bertan izan dira. Era berean, Jose Antonio Monago Extremadurako presidenteak, Ana Botella Madrilgo alkateak eta Javier Arenas PPko Autonomia Politika idazkariordeak parte hartu dute.
"Teoria eta ametsen" inguruan hitz egiten ari ez dela argi utzi du ministroak. Espainia Europar Batasuneko "kide fidagarria" egiten duten "oinarri ekonomiko serioak" aipatu ditu Montorok. Horregatik, Espainia "zaindu eta kontrolatu beharrik ez" dagoela erantsi du.
Bestalde, Gobernuak hornitzaileei ordaintzeko plan berri bat 2013an martxan jarriko duela iragarri du Hazienda ministroak, baina horretarako enpresek berankortasun zuzentaraua bete beharko dute, hau da, hornitzaileei 30 egunetan ordaindu.