Politika -

Barcenas auzia

Montorok esan du Gobernua izan dela gogorrena ustelkeriarekin

Bestalde, Gobernuko ministro guztiak eta PP osoa presidentearen zintzotasunaz “guztiz konbentzituta” daudela ziurtatu du Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE
Cristobal Montoro
Gobernua ustelkeriarekin gogorrena izan dela esan du Montorok

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristobal Montoro Ogasun ministroak bere burua babestu du astearte honetan, PSOEren dimisio-eskaeraren aurrean,  Luis Barcenas amnistia fiskalaz baliatu zela "egiaztatu gabe" dagoelako. Halaber, "demokrazia osoan" Gobernua  izan dela iruzurrarekin eta ustelkeriarekin "gogorrena", nabarmendu du.

Montorok horrela erantzun du Goi Ganberako kontrol-saioan. PSOEk ministroaren dimisioa eskatu du hari zuzendu dizkion bi galderetatik lehenengoan.

"Dimititzeko asmoa duzu Luis Barcenasek amnistia fiskala jaso duela egiaztatzen bada?", galdetu dio Jose Miguel Camacho sozialistak Montorori, hitza hartu bezain laster.

"Barcenas jaunak ez du erregulazio fiskala jaso", erantzun du Montorok, eta PPko diruzain ohia ez dela "kide gisa" azaltzen gaineratu du, ezta "Tesedul sozietateko jabe moduan" ere.

"Ez Barcenasek ez beste inork ezin du, hirugarrenen bidez, erregularizatu, ezta elkarteen edota banku-elkarteen bidez, argiago ezin dut esan", azpimarratu du Montorok. "Horren zaila da hau ulertzea?", galdegin die sozialistei.

Gallardon: 'Gobernu osoa Rajoyrekin harro dago'

Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan duenez, Gobernuko ministro guztiak eta PP osoa "harro" daude Mariano Rajoy gobernuburuaz, eta haren zintzotasunaz "guztiz konbentzituta" daudela nabarmendu du.

Gallardonek era horretan erantzun dio Senatuko kontrol-saioan Jose Montilla sozialistak egin dion galdera bati. Azken horrek Gobernuak hartuko dituen neurriei buruz jakin nahi izan du, "erakundeen krisi larria"ren aurrean, Barcenas auzia dela eta.

"Zin dagizut banku urdin honetan esertzen garen guztiok eta nire talde parlamentarioko senatari guztiak Gobernuko presidentearen zintzotasunaz eta erantzukizunaz konbentzituta gaudela; Rajoyrekin harro gaude, eta hori horrela izango da legealdi osoan," azpimarratu du.

Justizia ministroak azaldu duenez, Gobernuko lehen urtean, PPk Zigor Kodea erreformatu du alderdi politikoak eta pertsona juridikoak jazarri ahal izateko, eta Gardentasun Legearen Proiektua ere izapidetu duela gaineratu du.

Halaber, dohaintzen kontrolak handitu dira, eta finantza-erakundeek ezin dituzte 100.000 euro baino gehiagoko alderdien zorrak barkatu, azaldu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea