Ekonomia -
Bilera Moncloan
Espainiak eta Italiak bat egin dute bankuen batasuna bultzatzeko
Ekaineko Kontseilu Europarrean bankuen batasuna azkar bideratzeko lan egingo dutela iragarri dute Mariano Rajoyk eta Enrico Lettak.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak eta Enrico Letta Italiako lehen ministroak gaur iragarri dutenez, bi exekutiboek "estu" lan egingo dute bankuen batasuna azkar martxan jartzeko, eta gazteen enplegua sustatzeko neurriak bultzatzeko. Bi agintarien hitzetan, ekaineko Kontseilu Europarraren "bihotza izan behar dira".
Bi buruzagiek bilera egin dute arratsaldean, Moncloako Jauregian. Horretarako, bi gobernuek lantalde bat osatu dute. Lan ministroek proposamenak egingo dituzte datorren Kontseilu Europarrean.
Horrela, Enpleguaren eta Hazkundearen Ituneko erabakiak "ahalik eta azkarren" martxan jartzeko eskatu die Rajoyk Europako erakundeei. Ekaineko Kontseilu Europarrak gazteen enplegua sustatzeko "neurri berri gehiago" hartzea eskatu du Rajoyk. "Eztabaidaren erdigunea" izan behar da, Gobernuko presidenteak azaldu duenez.
Bestalde, lanpostuen sorrera Europako buruzagien "obsesioa" izan behar dela azpimarratu du Lettak.