Ekonomia -
Nazioartera zabaltzeko
Jaurlaritzak merkataritza-bulego bat irekiko du Alemanian
Poloniako eta AEBetako San Francisco eta Filadelfia hirietako bulegoak itxiko dituzte. Halaber, nazioartean zabaltzea sustatzeko partzuergoa sortuko dute aldundiekin eta merkataritza-ganberekin.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak EAEko enpresak nazioartean zabaltzeko merkataritza-bulego egonkorra irekiko du aurten Alemanian, SPRIren nazioarteko sailaren bitartez. Halaber, egun SPRIk Polonian eta AEBetako San Francisco eta Filadelfia hirietan dituen bulegoa ixteko asmoa iragarri du.
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasuneko sailburuak eman du egitasmoaren berri, prentsaurrekoan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera EAEko 15 enpresa nagusienekin bildu ondoren.
Tapiaren hitzetan, Euskadik ''lehentasunak ezarri'' behar ditu, eta ''estrategikoak diren'' sektore industrialen aldeko apustua egin. Horretarako, hainbat herrialdetan ''ardaztea'' da asmoa.
Alemaniaren aldeko apustua dela-eta, Tapiak ez du oraindik bulego berria zehazki non kokatuko duten aurreratu, baina urtea bukatu aurretik martxan jartzeko asmoa dutela azpimarratu du.
''Alemania aukera oso interesgarria izan daiteke Euskadirentzat'', gaineratu du sailburuak, eta, horren harian, egun EAEko esportazioen % 14 Alemaniako merkatura doazela azaldu du.
14 bulego, mundu osoan barrena
Egun, 16 bulego ditu Sprik munduko lurralde ezberdinetan, baina, aurten Poloniako eta AEBetako San Frantzisko eta Filadelfia hirietakoak ixteko asmoa dute (aurrerantzean New Yorketik bakarrik egingo dute lan). Alemaniakoa ireki ondoren beraz, 14 izango dira, guztira, Spriren egoitzak atzerrian.
Ildo horretan, lehentasunez esku hartzeko tokiak zeintzuk diren ere azaldu du sailburuak, eta AEB, Mexiko, Alemania, Txina eta India aipatu ditu lehentasunezko herrien artean.
Jarraian, Brasil, Errusia eta Turkia daude, Jaurlaritzaren arabera, eta, azkenik, Vietnam, Indonesia, Malaysia, Singapur, Kolonbia, Peru, Australia eta Hegoafrika ere aipatu ditu.
Nazioartekotzea koordinatzeko partzuergoa
Bulego berria irekitzeaz gain, Jaurlaritzak nazioartera zabaltzea koordinatzeko partzuergoa sortzeko asmoa ere badu. Partzuergo hori SPRIren egituraren barruan egongo da, eta Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta hiru merkataritza-ganberek osatuko dute.