Ekonomia -

Goi-bilera

Iruzurraren eta zerga-ihesaren aurkako borroka, Bruselan aztergai

Hogeita zazpiak "bultzada politikoa" ematen eta egutegiak ezartzen saiatuko dira gaur, informazioak elkarren artean trukatu ahal izatea helburu.

EBko gobernuburuak eta estatuburuak, beste goi-bilera batean. EFE
EBko gobernuburuak eta estatuburuak, beste goi-bilera batean. EFE
EBko gobernuburuak eta estatuburuak, beste goi-bilera batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko gobernuburuek eta estatuburuek goi-bilera egingo dute gaur Bruselan, eta, bertan, iruzur fiskalaren eta multinazionalen zerga-ihesaren aurkako borrokak aztertuko dituzte.

Hori horrela, Hogeita zazpiak "bultzada politikoa" ematen eta egutegiak ezartzen saiatuko dira, helburuak bete eta informazioak elkarren artean partekatu ahal izateko.

Bruselaren esanetan, Europar Batasunak bilioi bat euro galtzen ditu urtero iruzurraren eta zerga-ihesaren ondorioz, hau da, Espainiaren barne produktu gordin osoaren (BPG) pareko galerak ditu.

Azken hilabeteetan, hainbat eskandaluk suspertu egin dute eztabaida, hala nola Jerome Cahuzac Frantziako Aurrekontu ministro ohiari Suitzan atzeman dioten kontu korrontea eta zerga-iheslarien "Offshore Leaks" zerrenda (Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak kaleratu zuen, apirilean).

Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Espainiak eta Italiak lantalde bat sortu dute, elkarren artean informazioa partekatzeko.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak 2015. urterako estatu kide guztiek diru-sarrerei buruzko informazioak partekatzea proposatu zuen atzo.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Bruselara joango da, eta, goi-bileran parte hartzeaz gain, Letoniako gobernuburuarekin ere batzartuko da, herrialde hori 2014. urtean Europar Batasunean sartuko dela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea