Ekonomia -
Arrantza
Baionan atxiki dituzten bi arrantza-ontziek han igaroko dute asteburua
Astelehen edo asteartera arte lehorrean egon beharko dute. Bestalde, ikusteko dago zenbateko isuna ezarriko dieten.
Erredakzioa
Baionako portuan geldiarazita dituzten Hondarribiko bi arrantza-ontziek han jarraitzen dute, eta gutxienez, astelehen edo asteartera arte lehorrean jarraitu beharko dute. Halaber, ikusteko dago zenbateko isuna ezarriko dieten.
Ostegun arratsaldeaz geroztik, agintariek Baionako portuan atxiki egin dituzte, itsas zabalean harrapatutako antxoa ontzi batetik bestera pasatu eta Europar Batasuneko araudia urratzea leporatuta.
Baionako itsas komandantziaren aurrean deklaratu ostean, aske gelditu ziren patroiak ostiral honetan. Hala ere, epaileak ez diete ontziak itsasoratzeko baimenik eman. Bi ontzietako patroiak eta beste bi edo hiru lagunek geratu behar dute Baionako portuan.
Harrapatutako antxoa Donibane Lohitzunen saldu zieten oso merke, baina diru hori ezingo dute erabili epaileak hala erabaki arte.
Europar Batasunak itsas zabalean zama ontzi batetik bestera pasatzea debekatu zuen duela urte batzuk legez kanpoko arrantza egiten zuten ontzien jarduera kontrolatzeko helburuarekin. Hondarribiko bi arrantza-ontzietako ordezkariek jakinarazi dutenez, gastuak arintzeko egin zuten, eta ez zuten iruzurra egiteko inolako asmorik. Halaber, legea bidegabea dela salatu dute.
Hau izan da, ordea, Kantauriko itsasontzi bat zigortu duten lehen aldia. Arrantzaleek erakundeetara joko dute, araua aldatzeko eskatzeko.
Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federakundearen presidenteak hori egitea debekatuta egon arren ohikoa dela aitortu du. "Oso urruti gaude, ia 100 miliatara" eta ontziek zama gutxi harrapatzen dutenean "ontzi bat bete eta bakarra itzuli ohi da portura", esan du. "100 miliatara egon eta 400 kilo antxoa harrapatuta itzultzea bideraezina da, 800 euroan salduko litzateke eta gasoilaren kostua soilik 1.500 eurokoa izango litzateke", esan du.
Elduaienen ustez, Europar Batasuneko neurria "ulertezina" da eta arrantzaleei "kalte ekonomiko handiak" eragiten dizkie.
Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez, lege haustea izanik ere, "ulertzekoa da arrantzaleen portaera".
Hondarribiko 40 bat arrantza-ontzik protesta egin zuten ostiralean Baionako barraren aurrean, geldiarazita dituzten bi arrantza-ontzietako kideei elkartasuna adierazteko.