Ekonomia -
Txostena
NDFk kaleratzeak merkatzeko beste erreforma bat eskatu dio Espainiari
Kaleratzeak merkatu, kontratuak gutxitu eta hitzarmen kolektiboen negoziazioa erraztuko duen erreforma bat egitea premiazkoa dela iritzi dio Nazioarteko Diru Funtsak langabeziari aurre egiteko.
Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) kaleratzeak merkatu, kontratu kopuruak gutxitu eta hitzarmen kolektiboen negoziazioak erraztuko dituen premiazko lan erreforma bat eskatu dio Espainiari.
NDFk Espainiako ekonomiaren inguruan egin duen txostenean jasotzen duenez, iazko lan erreformak hobekuntza nabarmenak eragin ditu, baina ez da "neurrigabea" den langabezia tasa murrizteko gai oraindik.
Hori dela eta, lan merkatuaren egiturazko erreforman "haratago joatea" beharrezkoa dela esan du, baita enplegua sortzea erraztuko duen tresnak bilatzea ere. Hala, besteak beste, Gizarte Segurantzako kotizazioak jaistearen aldeko apustua egin du, eta jaitsiera hori zeharkako zergekin berdindu beharko litzatekeela erantsi du (BEZa eta zerga bereziak).
Halaber, patronalarekin eta sindikatuekin akordioa bilatu beharko litzatekeela iritzi dio, eta enpresaburuek enplegua sortzeko konpromisoa hartu behar dutela uste du langileek "soldataren jaitsiera garrantzitsu bat" onartu dezaten.
NDFren ustez, lanpostuak sortzea eta inflazioa jaistea "ezinbestekoa" izango da soldaten jaitsierak familien erosteko ahalmena murriztu ez dezan.