Ekonomia -
Elkarrizketa
'Diskriminatzailea' da Gipuzkoako bidesarien plana, Bilbaoren ustez
Bizkaiak ez du orain doakoak diren errepideetan ordainsaririk jartzeko "inolako aurreikuspenik", Jose Luis Bilbaoren arabera. Ahaldiun nagusiaren ''demagogia'' salatu du EH Bilduk.
Erredakzioa
Gipuzkoako bidesarien egitasmoa "diskriminatzailea" da, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenaren kontra mintzatu da Jose Luis Bilbao, ostegun honetan, Radio Euskadiri eskaini dion elkarrizketan.
"Diskriminatzailea izateaz gain, lege arazo garrantzitsuak eragingo dituela uste dut", gaineratu du. Horren esanetan, "Bizkaiak ez du orain doakoak diren errepideetan ordainsaria ezartzeko inolako aurreikuspenik".
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak atzo, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako agintariei egindako proposamena izan du hizpide. Gipuzkoak bidesari berriak ezarri nahi ditu 2014tik aurrera.
Bizkaiko agintariaren ustez, bidesari horiek "sozialki atzerapauso bat dira, eta dirua biltzea baino ez dute helburu". "Lokatzetan sartzea litzateke", gaineratu du.
Horren aburuz, Bizkaiko Foru Aldundia "edozeinekin eta edozertaz" hitz egiteko prest dago, baina ez du begi onez ikusten Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena.
Bestalde, Bizkaiak neurriak hartuko ditu bizkaitarrentzat diskriminatzaileak izan daitezkeen planak indarrean sartzea saihesteko.
Kontzertu Ekonomikoa
EAEko Kontzertu Ekonomikoa "mugiezina" da, baldin eta tankeak kalera ateratzen ez badira edota Konstituzioa aldatzen ez badute. Halaber, euskaldunak bakean uzteko eta Kontzertu Ekonomikoaren gaia arreta desbideratzeko ez erabiltzeko eskatu dio PSCri.
"Noizean behin, Euskaditik kanpo zalantzan jartzen dute Kontzertu Ekonomikoa, eta EAEk dituen pribilegioak nabarmentzen dituzte: gutxiago ordaintzen dugula, besteekin ez garela solidarioak, etab. Hori guztia atentzioa desbideratzeko modu bat baino ez da", gaineratu du.
Fiskalitatearen gaineko eztabaida Legebiltzarrean
Bilbaok ez du begi onez ikusten Eusko Legebiltzarrak fiskalitatearen gaineko erabakiak hartzea. Halaber, "erakundeen eta alderdi politikoen babesarekin", 2013an zerga-arau berriak onartuko dituztela aurreratu du.
Legebiltzarrak gaiaz hitz egin eta akordioak lor ditzake, eta litekeena da beste osoko bilkuraren batean ere fiskalitateaz hitz egitea, Bilbaoren esanetan. "Hala ere, gaur egun dagoen marko juridiko-politikoa aintzat hartuta, lurralde historikoetako Batzar Nagusiei dagokie zergak arautzen dituzten neurri foralak hartzea", gaineratu du.
Bilbaoren ''demagogia'' salatu du EH Bilduk
Gipuzkoako bidesarien proposamenaren aurrean esandakoaren harian, Bilbaoren ''demagogia'' salatu du Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak. Gipuzkoako Foru Aldundiari ''eraso'' egiteko Bilbaok beste behin irtenbide ''demagogikoa'' erabili izana kritikatu du Ugarteburuk Legebiltzarrean, kazetariei egindako adierazpenetan.
Bizkaian arazo larriagoak daudela gogora ekarri du Ugarteburuk, tartean Supersurri lotutako 1.000 milioiko zorra. Zor hori bizkaitar guztiek ordaindu behar dutela eta Kantabriara daozen garraiolariek ''derrigorrez'' bidesaria ordaindu behar dutela salatu du.
Halaber, Ugarteburuk esan du bidesarien arazoari aurre egin behar izan diola Gipuzkoako Aldundiak, Bidegik 900 milioi euroko zorra utzi zuelako.