Ekonomia -
Lan erreforma
Lan kontratu motak 41etik 5era mugatuko ditu Espainiako Gobernuak
Enplegu ministroak lan erreformaren inguruan balantza "baikorra" egin du Madrilgo Kongresuan.
Erredakzioa
Lan kontratu motak 41etik 5era mugatuko ditu Espainiako Gobernuak, gaur Fatima Bañez Lan eta Gizarte Segurantza ministroak iragarri duenez.Lan erreformaren inguruko balantzea egin du gaur Bañezek Kongresuko Enplegu Batzordean. Azaldu duenez, egun 41 lan kontratu mota ezberdin erabiltzen dira, baina Gobernuak 5era mugatuko ditu: kontratu mugagabeak, aldi baterakoak, errelebo kontratuak, praktiketakoak eta ikasketa eta formakuntzakoak. Modu horretan, Bañezek esan du “egungo trabak” sahiestu eta “enpresari txiki eta ertainei langileak kontratatzeko tramiteak erraztuko” dizkietela. Langileei ere “segurtasun jurídico handiagoa” emango dietela gaineratu du. Enplegu ministroan lan erreformaren inguruan balantza “baikorra” egin du Madrilgo Kongresuan. Indarrean sartu eta urtebetera “espero ziren emaitzak” ematen ari dela esan du, eta ekonomia suspertzen hasten denean onura horiek “argiago” ikusiko direla azpimarratu du.
Enpresariek bestelako irtenbideak bilatzen dituztela eta kaleratzeena “azken aukera” dela azpimarratu du Bañezek. Adierazi duenez, lan erreformak 225.000 lanpostu galtzea ekidin du.
CEOEk ''poztasunez'' jaso du neurria
CEOE Espainiako Enpresarien Elkarteak ''positiboki eta poztasunez'' jaso du neurria, eta aldaketa ''behar bezala'' egiteko laguntza eskaini du.
''Enpresarientzako opari berria'' ez izatea espero du UGTk
Bestalde, kontratu moten murrizketa 'beste behin enpresarientzako oparia ez izatea espero dutela esan du Toni Ferrer UGT sindikatuko Ekintza idazkariak. Ferreren hitzetan, Gobernuak dagoeneko enpresariei egin zien mesede kaleratze kolektiboetan aldaketak ezarrita.
CCOO sindikatuaren ustez ''iseka egitea'' da
Ramon Gorriz CCOO sindikatuko Ekintza idazkariaren hitzetan, ''iseka egitea'' da neurria 2012ko lan-erreformaren garapenaren berri emateko deitutako prentsaurrekoa batean iragarri izana.
Gorrizek azpimarratu duenez, kontratu mota murrizteak ez du balio enplegua sortzeko.