Ekonomia -
Hitzarmen kolektiboa
Hitzarmen kolektiborako aurreakordioa lortu dute Volkswagenen
Zuzendaritzak eta sindikatuen gehiengoak adostu duten aurreakordioak "Landabengo lantegiaren etorkizuna egonkortzen du".
Erredakzioa
Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak eta sindikatuen gehiengoak hitzarmen kolektiborako aurreakordioa lortu dute. Landabengo lantegiaren "etorkizuna egonkortuko du" akodioak.
Enpresak ohar bidez jakitera eman duenez, soldatak iazko KPIaren arabera igoko dituzte eta 215 lanegun izango dituzte, hau da, lau gehiago.
Zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta CGC sindikatuek onartu dute akordioa eta printzipioz, bost urteko iraupena izango du. UGTek adierazi duenez, datozen egunetan komitea langileekin bilduko da "akordioaren inguruko informazioa ezagutzera emateko".
Enpresaren esanetan "akordio honek egonkortasuna bermatuko die langile finkoei eta hitzarmenak iraun bitartean ez da kaleratzerik izango". Aurreikusitako inbertsioak eta lanpostueta hobekuntzak egiteko konpromisoa hartu du konpainiak.
CCOO sindikatuak jakitera eman duenez, aurreakordioak "CCOOk hasieratik egindako eskaerak biltzen ditu, egonkortasuna ematen die langileei eta lan baldintzak babesten ditu lan erreformaren aurrean". "Akordio ona" dela adierazi dute.