Ekonomia -
Kontsumo legea
Internet bidezko erosketak itzultzeko epea 7 egunetik 14ra luzatu da
Ana Mato ministroak azaldu du lege berriak "goraldian dagoen sektore baten eskaerei" erantzuten diela, eta erosleen eskubideen babesa bermatzen duela.
Erredakzioa
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako lege-proiektua onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak. Horrela, herritarrek merkataritza elektronikoaren aurrean duten babesa indartu nahi da. Legeak dakartzan berrikuntzen artean dago, esaterako, internet bidezko erosketen itzulketa epea zazpi egunetik hamalaura luzatzea.
Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, lege horrek "goraldian dagoen sektore baten eskaerei" erantzuten diela eta erosleen eskubideen babesa bermatzen duela azaldu du Ana Mato Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko ministroak.
Europako zuzentarau bat txertatu dute proiektu horretan, eta Matoren hitzetan, erabiltzaileei eskubide berriak ematen dizkie itzulketa epeei, atzera egiteei, galtze arriskuei edo erositako produktuaren hondaketei begira.
Helburu nagusia urrutiko salerosketak egiten dituzten erabiltzaileen eta enpresarien segurtasun juridikoa indartzea dela azaldu du ministroak. Horretarako, bi aldeen arteko desberdintasunak murrizteko neurriak biltzen ditu proiektuak, erosleak babesik gabe aurkitu ez daitezen.
Urruneko salerosketetan, kontratua egin aurretik erosleari eskaini beharreko informazio kopurua handitu egingo da legez. Guztiak argia eta ulergarria izan beharko du. "Hizki txikia ezabatu nahi dugu", aipatu du Matok.
Proiektuaren berrikuntzen artean, "ezkutuko kargak" saihesteko neurriak daude. Horrela, internet bidezko erosketetan, erosleak ordaintzera behartuta dagoela jakin behar du, baita produktua saltzen ari den enpresariak ere. Erabiltzaileak beti azken prezioa onartu beharko du erosketa amaitu aurretik.
Erosketaren amaieran, aurretik zehaztutakoa baino gehiago ordaindu behar bada, enpresariak eroslearen esanbidezko adostasuna lortu behar du. Bestela, erabiltzaileak diru-itzulketa jasotzeko eskubidea izango du.
Arau berriak zerbitzuen eta ondasunen telefono bidezko kontratazioa erregulatzen duela zehaztu du Ana Matok. Erabiltzaile eta erosleak babesteaz gain, enpresarientzat gastu handirik eragingo ez duen sistema bat proposatu du ministroak.
Lege berriari esker, "merkataritza elektronikora konfiantza, segurtasun eta berme gehiagorekin" jo daitekeela uste du Matok.
Internet bidezko erosketen goraldia azpimarratu du ministroak. Izan ere, hiruhileko bakarrean, 2.700 milioi euro fakturatu ditu 36,8 milioi eragiketatan. "Hazten ari den merkatu bat da, eta ziurrenik hazten jarraituko du", adierazi du Matok.