Ekonomia -

Finantza Publikoen Kontseilua

Aldundiek eta Jaurlaritzak Aurrekontuen oinarriak zehaztuko dituzte

Gaurko bilera tentsio gabekoa izatea espero da, baina Arabako ahaldun nagusiak Ekarpenen Legea erreformatzea eskatuko du.

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren beste bilera bat. EFE
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren beste bilera bat. EFE
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren beste bilera bat. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak 2014. urteko diru-sarreren aurreikuspena zehaztuko du gaur. Hurrengo urteko Aurrekontuak diseinatzeko ezinbesteko urratsa da hori.

EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako itun fiskala hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan aurten onartuko balute, diru-bilketan izango lukeen eragina 2015. urtean nabarituko litzateke, hau da, zergadunek 2014. urteko zergak ordaindu eta gero.

Finantza Publikoen Euskal Kontseilua Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak osatzen dute. Azken horrek, baina, ez du boto eskubiderik.

Jaurlaritzatik azaldu dutenez, bilera tentsio gabekoa izatea espero dute. Gai-zerrendan, hiru kontu: aurtengo diru-bilketaren aurreikuspena ixtea, 2014. urtekoa kalkulatzea eta aldundiek Jaurlaritzari hurrengo urtean egingo dioten ekarpena zehaztea.

Aldundiek Jaurlaritzari eman behar diotena Ekarpenen Legean zehaztuta dago, eta, gaurko bileran, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak hori erreformatzea proposatuko du, lurraldeen artean "desoreka ekonomiko larria" sortzen duelakoan.

Aldarrikapen horren aurrean, arabarrek eta gipuzkoarrek kexatzeko arrazoirik ez dutela esan du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Horren esanetan, bere lurraldeak du pisu handiena Jaurlaritzaren finantzaketan.

Kontseiluak aurtengo diru-bilketa ere itxi beharko du. Iaz, 11.825 milioi eurokoa izan zen, eta, aurtengo abuztua arte, aldundiek 7.254 milioi euro bildu dituzte, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino % 3,7 gehiago.

Joera, baina, ez da bat izan hiru lurraldeetan: Bizkaian % 5,2 hazi da diru-bilketa (4.060 milioi euro, orotara), eta, Gipuzkoan, % 3,6 (2.185 milioi euro). Araban, baina, % 1,8 jaitsi da (1.008 milioi).

Azkenik, Kontseiluak hurrengo urteko aurreikuspenak kalkulatu beharko ditu, eta erakundeek aurreikuspen horietan oinarrituta diseinatu beharko dituzte 2014. urteko Aurrekontuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea