Ekonomia -
Ustezko ustelkeria, Andaluzian
CCOOk ukatu egin du bere finantziazioa legez kanpokoa dela
Dena dela, Andaluziako enplegu erregulazio espediente irregularren auzian "desordenak" dituela aitorut du sindikatuak.
Erredakzioa
Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiaren esanetan, sindikatuak ez zuen legez kanpoko finantziaziorik egin 'Andaluziako enplegu erregulazio espediente irregularren auzia'n, baina aseguru-polizen fakturazioan "desordenak" daudela eta pertsona batzuek "jokaera arbuiagarria" izan zuten zantzuak dituztela aitortu du.
Toxok sindikatuaren barruan egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu gaur, prentsaurrekoan. Agerraldi horretan, hemendik aurrera aseguru-polizen fakturazioa zuzenean enpresekin egingo dutela iragarri du. Izan ere, orain arte, erakunde bitartekarien bidez egin izan dute.
CCOOko buruak azaldu duenez, ikerketak baieztatu egin du sindikatuak ez duela inolako sare ustelean parte hartu, eta inputatuek ez dutela "dirua lapurtu". Gainera, Mercedes Alaya epaileak auziaren instrukzioan "akatsak" egin dituela esan du. Dena dela, ez du zehaztu zeintzuk diren akats horiek.
Toxoren hitzetan, inputatuak "ez dira diruaz jabetu", baina, hala gertatu dela baieztatuko balitz, "neurriak" hartuko lituzketela aurreratu du.
Bestalde, sindikatuak eta patronalak diru publikoarekin finantzatu behar ote diren aztertzeko eskatu dio Parlamentuari.