Ekonomia -
Euskal Herri osoan
ELAk enpresa hitzarmenen aldeko mobilizazioak hasi ditu
Sindikatuak salatu duenez, lan-erreformak "hankaz gora jarri du lan-mundua, eta, batez ere, negoziazio kolektiboak", eta egoera horri erantzuna eman behar zaio.
Erredakzioa
ELA sindikatuak hainbat mobilizazio hasi ditu Euskal Herrian. Euskadiko eta Nafarroako patronalen aurkako elkarretaratzeak egin ditu goizean, protesta guztiek helburu bera zutela: enpresa hitzarmenei bultzada ematea.
Sindikatuak salatu duenez, hitzarmen kolektiboa "bahituta" dago. "Erabat blokeatuta daude hitzarmen txukunak lortzeko aukerak, hau da, baldintza egokiak eta horiek betetzeko bermea eskaintzen duten hitzarmenak", adierazi du.
ELAko Joseba Villarrealek "patronalak eta Gobernuak langileen aurka antolatu eta adostu duten erasoa gelditzeko" eskatu du.
Bihar Foru Aldundien aurrean bilduko da sindikatua, eta, asteazkenean, urriak 23, Legebiltzarrean egingo dute protesta. Ostegunean, berriz, ekitaldi bat egingo dute Bilbon, eta jarraian manifestazioan joango dira Confebasken egoitzaraino.
Iruñean eta Lizarran
Nafarroan ere egingo dituzte protestak. Asteartean Foru Gobernuaren egoitzan elkartuko dira, zerbitzu publikoen alde egiteko. Asteazkenean, Lizarrara joango dira, eta, ostiralean, ordezkarien bilera egingo dute Iruñeko Karlos III.a zinema-aretoan, eta, ondoren, manifestazioa, Gobernu Ordezkaritzaren egoitzaren aurreraino.