Ekonomia -
Krisia Fagorren
Tapiak plan 'bideragarria eta zehatza' eskatu dio Fagor Etxetresnaki
Sailburuak plan "bidegarria, zehatza eta egingarria" eskatu dio Fagor Etxetresnaki, eta plana martxan jartzeko "nahitaezkoa" da Mondragon taldearen "inplikazioa eta laguntza", gaineratu du.
IKER GÓMEZ | EITB.COM
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak 'zehaztasun' handiagoa eskatu dio Fagor Etxetresnaki, eta gauzak "modu arduratsuago batean" egin zitezkeela esan du.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Jaurlaritzak Mondragon taldearen "erantzuna" behar duela adierazi du, "Fagor Etxetresnaken egoera zein den argitu ahal izateko".
Halaber, Tapiak plan "bidegarria, zehatza eta egingarria" eskatu dio Fagor Etxetresnaki, eta plana martxan jartzeko "nahitaezkoa" da Mondragon taldearen "inplikazioa eta laguntza", gaineratu du.
"Oso egoera zaila da, baina aurrera begiratu nahi du enpresaren bideragarritasuna bilatzeko eta ahalik eta lanpostu gehien bermatzeko", azaldu du.
Egoera "aproposena" Fagor Etxetresnakeko langile "guztiak" bere horretan jarraitzea litzatekeela esan du, eta "mila lanpostuei eustea lan egiten hasteko oinarri interesgarria" litzatekeela.
Bestalde, Mondragon taldearen inplikazioa eta laguntza eskatu du, gainerako hartzekodunek ere "bidegarria dela ikus dezaten".
MCCri laguntzeko negoziazioen inguruan ez du azalpenik eman, baina Mondragon taldeari eskatutako "zehaztasun" batzuen zain daudela azpimarratu du. Mondragon taldeak bere jarrera zein den argitu behar duela berretsi du Arantza Tapiak.
Tubacex
Tubacex Kantabrian lantegi bat irekiko duen enpresa arabarrari dagokionez, Tapiak esan du "gauzak egiteko moduak" ez duela bat egiten "Jaurlaritzaren parametroekin".
"Jaurlaritzarekin ados egon gabe ere, Tubacexek soldata murrizketa erabili du lehiakorragoa izateko. Industria politikak ez du huts egin, beste lehiakortasun eredu baten alde egin dute", esan du.
Bestalde, sailburuak nabarmendu duenez, automobilgintza eta aeronautika "EAEn abiadura handian hazten ari dira".
Hala ere, EAEk "urteak" beharko omen ditu krisitik ateratzeko; izan ere, "enpresa bat egun bakarrean ixten da, baina 200 lanpostu ez dira egun batetik bestera sortzen".
Horren harian, Jaurlaritzak "inbertsio eta proiektu batzuk" aurreikusi dituela jakinarazi du, baina ez du horren inguruko xehetasunik eman.