Ekonomia -
Aurrekontuak
Bizkaiak 6.919 milioi euro izango ditu 2014an, % 5,2 gehiago
Gizarte zerbitzuak bere horretan utziko dituzte, eta Adineko programako bidaiak eta kirol profesionalerako laguntzak desagertuko dira. Ermuko saihesbidea egiten ere hasiko dira.
Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak 6.919 milioi euroko aurrekontua izango du 2014rako, aurtengo eduki duena baino % 5,2 gehiago. Gizarte zerbitzuak eta dependenteentzako laguntzak aurten bezala utziko dituzte, murriketarik gabe, baina Adineko programako bidaiak eta kirol profesionalerako laguntzak kendu egingo dituzte. 850 lanpostu sortu nahi ditu diputazioak, eta Ermuko saihesbidea egiten hasi nahi du.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak eta Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuak Bizkaiko 2014rako Aurrekontu Orokorren proiektua aurkeztu dute gaur, Gobernu Kontseiluak onartu eta gero. Bihar egingo dute aurkezpen ofiziala Batzar Nagusietan, urtea amaitu aurretik onartzeko.
Bilbaok aurreratu duenez, PSE-EErekin bilerak izan dituzte, eta Aurrekontuotan sozialisten aldarrikapen historiko bat sartzeko aurreakordioa lortu dute: Ermuko saihesbidea. Ahaldun nagusiak "batez ere" PSErekin negoziaten jarraituko dutela esan du, Aurrekontu osoetarako akordio bat ixteko asmoz, eta "baikor" agertu da hitzarmena hurrengo egunotan itxi litekeen galdetu diotenean. Alta, PP eta EH Bildurekin departamentu bakoitzaren ildo nagusiak aurkeztutakoan batuko dira, azpimarratu duenez, "ez baitugu inor kanpoan uzten".
Giltzarriak: Gizarte Ekintza, Herri Lanak eta Enplegua
Gizarte Ekintza, Herri Lan, Enplegu eta Ekonomia Sustatzeko departamentuek hartuko dute diru gehien: 848 milioi euro. Hain zuzen ere, Gizarte Ekintzak 465,1 euroko aurrekontua izango du, aurten baino % 2 gehiago, departamentu guztietara bideratutakoaren % 43. Bigarrena (guztiaren % 28,3) Herri Lan eta Garraio departamentua izango da, 306,2 milioi, % 5,6 gehiago, izango baititu; horietatik 10 milioi euro Ermuko saihesbiderako gordeko dituzte (guztira 90 milioi euroko kostua izango du azpiegitura horrek). Otsailean hasi nahi dute esleipen prozesua, 2014ko udan lanak hasi eta 2017ko hasierarako prest egon dadin.
Aurtengo datuekin alderatuta igoera handiena izan duen departamentua Ekonomia Sustatzekoa izan da: % 6,1 gehiago izango du, 77,1 milioi. Ogasun eta Finantza sailak 61,6 milioi izango ditu (+ % 5,5), Kulturak 48,7 milioi (+ % 5,6), Nekazaritzak 30,6 milioi (+ % 3), Lehendakaritzak 24,4 milioi (+ % 4,1) eta Ingurumenak 68,9 milioi (+ % 3,7).