Ekonomia -
Konferentzia Bilbon
Susperraldi ekonomikoa 'azaleratzen' ari dela esan du Sanchez Galanek
Bestalde, euskal lantegietako kostu laboralak Austrian eta AEBetan baino % 15 eta % 35 garestiagoak direla ziurtatu du Alvaro Videgain Tubacexeko presidenteak.
Erredakzioa
Espainian susperraldi ekonomikoa "azaleratzen" ari dela adierazi du gaur Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, baina "lokartu" behar ez direla erantsi du. Horrela, barne kontsumoa eta inbertsioa sustatzeko karga fiskalak murriztea eskatu du Galanek.
Lehiakortasunerako Enpresa Kontseiluak (CEC) konferentzia antolatu du Bilbon, eta Galanek hitzaldia eman du gaur. CEC Espainiako 15 enpresa nagusiek eta Familia Enpresaren Institutuak osatzen dute. Espainiaren lehiakortasuna hobetzeko proposamenak egitea du helburu.
Espainiako ekonomiaren ikuspegia ematen ari dira CECeko kideak bira batean.
Joera aldaketa emateko zenbait gako eman ditu Galanek: "enpresaburuen eta langileen esfortzua erreformekin batera, gure ekonomiaren lehiakortasuna hobetu dutelako".
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea Bilbon. Argazkia: EFE
Baina "ez lokartzea" eskatu du. "Nazioartean, batez ere merkatu azaleratu berrietan, zabaltzen eta defizit publikoa murrizten jarraitu behar dugu, eta administrazio publikoak erreformatzea erabakigarria izango da lortzeko", gaineratu du.
Tubacex
Bestalde, lan ereduaren "zurruntasunean" aldaketa eta "soldaten neurritasuna" eskatu du Alvaro Videgain Tubacexeko presidenteak. Euskal lantegietako kostu laboralak Austrian eta AEBetan baino % 15 eta % 35 garestiagoak direla ziurtatu du, hurrenez hurren.
Era berean, Tubacexek Kantabrian egindako inbertsioa "testuingurutik atera" dutela esan du.