Ekonomia -

Foru Aldundia

Arabak aurrekontu proiektua aurkeztu du, %4ko igoerarekin

90 milioi baino gehiago bideratuko dituzte inbertsioetara, eta 146 milioi, berriz, gizarte zerbitzuetara. EAJrekin negoziazio lanetan ari dira, kontuak aurrera aterarazteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko Aurrekontu proiektua aurkeztu du ostegun honetan Arabako Foru Aldundiak, %4ko igoerarekin. Aurten aurreikusitako gastuarekin alderatuta, % 2,2 igoko dira kontuak, baina, 2013rako aurkeztutako proiektuarekin alderatuta, berriz, % 4,4koa da igoera (2013ko proiektuak ez zuen aurrera egin, babes faltagatik).

Arabak guztira izango duen aurrekontua 2.070 milioi eurokoa izango da, baina, hortik, 415 milioi euroko kudeatuko ditu Aldundiak, Jaurlaritzari, udalerriei, tokiko erakundeei eta Estatuaren Kupoari egin beharreko ekarpenak kendu ondoren.

Javier de Andres ahaldun nagusiak aurkeztu ditu Kontuak prentsaurrekoan, Aitor Uribesalgo Ogasun arduradunarekin batera, eta 2014ko Aurrekontuek izaera ''inbertitzailea'' dutela azpimarratu dute.

Aldundiak kudeatuko dituen 415 milioi horietatik, 90 milioi baino gehiago bideratuko dituzte inbertsioetara, eta 146 milioi, berriz, gizarte zerbitzuetara.

Sailka

2014ko Arabako aurrekontua modu honetara banatuko dute: Gizarte Zerbitzuei, 146 milioi; Ogasun Sailari, 77 milioi; ekonomiaren sustapenari, 51,8 milioi; lan publiko eta garraioei, 34 milioi; Ingurumen Sailari, 21,9 milioi; euskara eta kulturari, 19 milioi; ahaldun nagusiaren sailari, 7,5 milioi; eta Batzar Orokorrei, berriz, 5,7 milioi.

'Hobekuntza arina' ekonomian

Ogasun diputatuaren hitzetan, datozen hilabeteotarako ''hobekuntza arina'' agerian uzten duten zantzuak daude, eta, ondorioz, 2014an atzeraldia ''atzean'' uzteko aukera egon litekeela azpimarratu du.

Negoziazioak

2014ko Aurrekontuak aurrera ateratzeko, EAJrekin ari da negoziazio lanetan Arabako Foru Aldundia. Javier de Andres ahaldun nagusiak ia baztertutzat eman du PSE-EErekin eta EH Bildurekin negoziatzeko aukera, eta jeltzaleen kasuan, ''desadostasun'' daudela aitortu duen arren, ''jarrerak malgutu'' eta akordioa lortzeko esperantza agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arabako berriak