Ekonomia -
Eztabaida
Enpresei lurzorua doan eskaintzea zilegi dela erantzun du Kantabriak
Atzo, Eusko Jaurlaritzak bere kezka agertu zuen, enpresak erakartzeko Kantabriak martxan jarritako kanpainaren aurrean.
Erredakzioa
Ignacio Diego Kantabriako presidenteak esan du enpresei lurzorua doan eskaintzea ekonomia suspertzeko "zilegi" dela eta neurri "arrakastatsua” izaten ari dela gaineratu zuen. Ekimen hori erabat "legezkoa" dela esan die enpresaburuei.
Atzo, Eusko Jaurlaritzak bere kezka agertu zuen, enpresak erakartzeko Kantabriak martxan jarritako kanpainaren aurrean. Izan ere, Josu Erkorekak adierazi zuen Europara joko dutela, Kantabriak lurzorua doan eskaintzen jarraitzen badu.
Ignacio Diegok nabarmendu du neurri horren bitartez Kantabriara enpresa gehiago erakarri nahi dituztela, enplegua sortu eta hazkundea lortzeko. Neurri horiek martxan jartzeaz "oso harro" dagoela gaineratu du. Bestalde, lurzorua doan eskaintzea "legezkoa" dela berretsi du, eta, onartu aurretik, Kantabriako Gobernuko zerbitzu juridikoek aztertu egin zutela azaldu du.
Gatazka horrek Euskadi eta Kantabriaren arteko harremanetan eraginik ez izatea espero du Ignacio Diegok. Jaurlaritzari ekimenaren inguruko informazio guztia emateko prest agertu da, EAEko enpresariekin egin duen bezala.