Ekonomia -
Erabakia
Eurovegas ez dute Espainian eraikiko
Espainiako Gobernuak errefusatu egin ditu Sheldon Adelsonen enpresak jarritako baldintzak, eta, horrenbestez, konpainiak uko egin dio proiektuari.
Erredakzioa
Las Vegas Sand enpresa estatubatuarrak ez du azkenean Espainian eraikiko Eurovegas, Espainiako Gobernuak errefusatu egin baititu Sheldon Adelsonen baldintzak, negoziazioaren iturriak aipatuta EFE eta Europa Press agentziek aurreratu dutenez.
Antza denez, konpainiak inbertsioa "blindatzea" eskatu du, hau da, jokoaren gaineko zergak jaistea eta, etorkizunean legeetan egon litezkeen aldaketek mozkin aurreikuspenak murrizten badituzte, kalte-ordainak ematea.
Las Vegas Sandsek baieztatu egin du uko egin diola proiektua Espainian eraikitzeari, eta, horren ordez, Asiara joko du.
Konpainiaren esanetan, "hainbat hilabetez" negoziatzen aritu ostean, ez dute "garbi" ikusten proiektuarekin aurrera egiteko baldintzak betetzen ote diren.
Otsailean, Eurovegas Alcorconen (Madril) eraikiko zutela iragarri zuen Michael Leven Las Vegas Sandseko kontseilari delegatuak. Lanak urte amaieran ziren hastekoak, eta eraikuntzaren lehen fasean, inbertsioa 2.685,5 milioi eurokoa izango zen.
Azken hilabeteetan, Madrilgo Erkidegoko arduradunek legeetan behar beste aldaketa egiteko eskatu diote Espainiako Gobernuari, hala nola kasinoetan erretzen uztea, Eurovegas Alcorconen eraiki ahal izateko.