Ekonomia -
Bisita garrantzitsua
Arabiar Liga Euskadin da, negozio bila
Lehendakaria eta bost sailburu nazioarteko erakunde horretako 17 enbaxadorerekin bilduko dira gaur goizean.
Erredakzioa
Arabiar Estatuen Ligako 17 enbaxadorek Euskadi bisitatuko dute gaurtik, inbertsioak eta negozioak bilatzeko.
Bisita horren garrantziaren isla, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako bost sailburuk harrera egingo diete gaur goizean, Artatza jauregian (Leioa).
Arabiar Ligan munduko herrialde aberatsenetakoak daude, hala nola Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait eta Qatar. Azken herrialde hori, hain justu, munduko aberatsena da, Luxenburgo, Norvegia, Suitza eta AEB aurretik. Petrolioa du diru-iturri nagusi, baina, azkenaldian, xekeek turismoaren, eraikuntzaren eta energiaren sektoreetara ere bideratu dute ekonomia.
Azken hilabetean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore aeronautikoak 70 milioi euroko kontratua sinatu du Emirates aire-konpainiarekin 70 hegazkin ekoizteko.
Arabiar Liga 1945. urtean jaio zen, eta egun 22 estatuk osatzen dute. Horien artean, baina, desoreka handiak daude; izan ere, munduko aberatsenetakoak ez ezik, krisi larrian dauden beste hainbat (Palestina, Egipto, Libia...) ere biltzen ditu.