Ekonomia -
Katalunia
Generalitateak zerga bat ezarriko die pisuak hutsik dituzten bankuei
Ordaindu beharreko kopurua banketxe bakoitzak dituen etxebizitzen araberakoa izango da, baina baliteke "ondasun higiezinen gaineko zergaren bikoitza" izatea.
Erredakzioa
Generalitateak zerga berezia ezarriko die etxebizitzak hutsik dituzten bankuei. Zerga handiagoa izango da pisu gehiago dituztenentzat, Carles Sala Generalitateko Etxebizitza idazkariak aurreratutakoaren arabera.
Catalunya Radion esan duenez, bankuei ezarritako zerga berezia esponentziala izango da; hau da, etxebizitza asko hutsik dauzkaten bankuek, gutxiago dituztenak baino gehiago ordainduko dute.
Carles Salaren arabera, zergaren zenbatekoa banku bakoitzak dituen etxebizitzaren araberakoa izango da.
Zergaren nondik norakoak aztertzen ari da oraindik Kataluniako Gobernua, baina litekeena da ordaindu beharreko diru kopurua "ondasun higiezinen gaineko egungo zergaren bikoitza" izatea.
Salak esan duenez, CatalunyaCaixak alokairu sozialerako 400 etxebizitza uztea lortu du jada Generalitateak, eta laster antzeko akordioak lortzea espero dute Bankia eta Sareb banku txarrarekin.